Abisu horia ezarri dute baso-sute arriskuagatik

Noaua Aldizkaria 2017ko azaroaren 22a

Azken aldiko prezipitazio faltagatik lurzorua lehorra dugu. Eta orduotan gainera hego haize zakarra baita. Egoera hau dela eta, abisu horia ezarri du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, asteazken arratsaldeko 15:00etatik aurrera. Gutxienez ostegun gaueko 00:00ak arte indarrean izango dute abisu hori hau. Jaurlaritzaren esanetan, "baso-sute arriskua altua da EAEn, bereziki kantauri isurialdean eta mendebaldean". 

EGUNOTARAKO IRAGARPENA:

Azaroak 22, asteazkena

"Gaur hego-haize zakarra ibiliko da. Zenbait momentutan ezatsegina izango da baina kantauri isurialdean tenperaturaren igoera ahalbidetuko du; bertan beroenak 22-23 ºC ingurukoak izango dira. Barnealdean, aldiz, termometroak 16-18 ºC-ren bueltan geratuko dira. Goizean zerua nahikoa garbi agertuko da baina arratsalde-gauean erdi-mailako hodei eta goi-hodeiak ugarituko dira, inolako ondoriorik utzi gabe".

Azaroak 23, osteguna

"Ostegunean egunaren bigarren partean zerua lainotu egingo da. Hego-haizea oraindik ere bizi ibiliko da eta tenperatura ez da gehiegi aldatuko; agian zenbait tokitan pixka bat igo daiteke. Goizean giro eguzkitsua espero dugu, baina arratsaldetik aurrera hodeiak iristen hasiko dira. Era horretan, arratsalde-gau partean zerua estalita geratuko da eta ez da baztertzen gauean tantaren bat edo beste erortzea".

Azaroak 24, ostirala

"Ostiralean hego-mendebaldeko haizearekin jarraituko dugu eta hodei dezente izango dira. Haizeak indartsu joko du, eta tenperatura zertxobait jaitsiko bada ere, epeletik jarraituko dugu. Zerua nahikoa hodeitsu agertuko da, erdi-mailako hodei eta goi-hodeiekin gehienbat, eta arratsaldetik aurrera euri apur bat egin lezake. Egunaren amaieran, fronte bat hurbiltzearekin batera, haizea mendebal/ipar-mendebaldera aldatuko da,eta horren ondoren euri kontuak ugaritu egingo dira".

Informazio eguneratua: euskalmet.eus

Irudia: artxibokoa, 2015eko azarokoa.