Presoen eskubideen aldeko hitzordu bikoitza asteburuan

Noaua Aldizkaria 2017ko aza. 23a, 07:21

Euskal Herriko gai batekin lotuta inoiz izan den mobilizazio masiboena izatea nahi dute Bakearen Artisauek abenduaren 9rako Parisen antolatu dutena. Euskal presoei aplikatzen zaizkien salbuespen neurriak ezabatzea eskatuko da frantziar estatuko hiriburuan. Hitzordua girotzeko, ekitaldia deitu dute larunbat honetarako, azaroaren 25ean iluntzeko 19:00etan frontoian. Antolatzaileek iragarri dutenez, “bidaiaren inguruko argibideak, bideoak, pintxoak, sagardoa, gaztain erreak…” eskainiko dira. Autobus zerbitzua ere antolatu da Usurbilen, abenduaren 9an Pariserako joan etorria egiteko. Izena ematera deitzen dute. Ohiko tokietan bideratu ahalko da aurrez.

Abenduaren 9an Parisen eskaera argi bat plazaratuko dute, euskal presoei aplikatzen zaizkien salbuespenezko neurri “onartezinak kenduak izan ditezen: presoen hurbilketa, gaixo diren presoen askatzea, baldintzapeko edo behin behineko askatasun neurriak ukan ditzaketen pertsonen libratzea, berdin kondena bukatzear duten presoak. Berehalako neurri horiek presoen gaiaren konponketa integralaren lehen urratsa izango da”. Bake prozesuan inplikatzea eskatuko zaio baita Frantziako Gobernuari.

Abenduak 9, larunbata

11:00-12:00 Euskal Herritik etorritako autobusen heltzea Montparnasse Geltokira.

11:30 Elkarretaratzea Montparnasse geltokiaren aintzinean, animazioen hastapena, Euskal Herritik etorritako trenei harrera.

12:00 Presondegien martxari harrera.

12:30 Manifestaldiaren abiatzea.

Euskal Herriko talde ainitzek alaituko dute : joaldunak, txarangak, trikitixak, gaiteroak, txistulariak, dantzariak etab… Kamioi zono baten gainean artista andana batek manifestaldia animatuko du: Bad Sound System + Fermin Muguruza, Zebda-ko Mouss eta Hakim, Ogres de Barbak-eko Fredo, Oreka TX, Roce etab…

14:00 Manifestaldiaren heltzea. Hitz hartzea.

14:30 Kantuak.

15:00 Elkarretaratzearen bukaera, autobus eta trenetara itzulera.

17:00 Gaualdia Pariseko Euskal Etxean.

Informazio gehiago: artisansdelapaix.eus

 

Azken ostiraleko elkarretaratzeak, bi aldarri lotuko ditu

Berezia izango da azaroko azken ostirala. Mobilizatzeko eguna dugu hilero. Oraingoan ordea bi aldarri lotuko ditu hitzorduak; euskal presoen eta haien senideen eskubideen eta biharamuneko, azaroaren 25eko Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunari lotutako aldarriak plazaratuko ditu.

Bi aldarriok lotuko dituen elkarretaratzea deitu dute ostiral iluntze honetan, azaroaren 24an, 20:00etan Mikel Laboa plazan eragileok; Usurbilen Nahi Dituguk, Matrakak Talde Feministak, Usurbilgo Ernaik eta Usurbilgo Sortuk. “Kontzientzia pizteko hainbat ekimen burutu, datu eta mozio aurkeztu ohi ditugu, baina bada garaia errealitate gordinari aurre egin eta azaletik errora jauzi egiteko. Erraiak azalera aterako ditugula aldarrikatzera gatoz!”, iragarri dute elkarretaratzearen berri emateko NOAUA!ra helarazi duten deialdian.