Musikarien jai egun handia kalean ospatu dute Zumartekoek

Noaua Aldizkaria 2017ko aza. 22a, 21:29

Musikarien egun handia izan dugu amaitzear den Santa Zezili egun hau. Euskal Herriko Musika Eskolen Elkarteak deituta, han eta hemengo musika eskolak kalera irteten ari dira egunotan ospatzera. Zumartek ere bat egin du deialdiarekin. "Musikalean" ekimenaren harira, txaranga, trikitixa-pandero taldea, Musika Txokoko eta abesbatzako ikasleekin kalejira egin dute lehenik Kaxkoan barrena. 

Hainbat geldialdi egin dituzte bidean eta une horietan, kanta ezagunak dantzan eta abesten aritu dira Musika Txokoko ikasleak. Gero Sutegin, kontzertua eskaini dute trikititixa eta pandero taldeek, piano, biolin eta kitar joleek, Zumarte Gazte Abesbatzak, Ganbarakada taldeak eta Zangotz Akordeoi taldeak. Musika eta kantu saio bikaina.

Larunbatean Azkainera

Zumarte Abesbatza bestalde Azkainera (Lapurdi) doa larunbatean. “Euskal Herria Cantat Ttiki” jaialdian parte hartuko dute.

“Jaialdi hau Euskal Herriko Abesbatzen Federazioak antolatzen du eta bertara Euskal Herriko Abesbatzen Federazio bakoitzeko ordezkari bat joango da (Araba, Gipuzkoa, Bizkaia eta Iparralde), aurten Gipuzkoako ordezkari Zumarte Abesbatza izango da. Goizean Kantu Tailerrean abesti desberdinak landuko dituzte eta egunean zehar ikasitako guztiaren emaitza arratsaldeko 17:00ak aldera eskainiko den kontzertuan ikusiko da. Kontzertu honetan gonbidatutako abesbatza bakoitzak bere errepertorioaren abesti batzuk interpretatuko ditu eta ondoren herrialde guztietako abesbatzak bat eginez zenbait abesti eskainiko dituzte”, berri eman diote NOAUA!ri Zumartetik.