Azaroaren 25eko Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Egunaren harira bi adierazpen bozkatuko dituzte udal ordezkariek, azaroaren 28rako deitu den udalbatzarraren osoko ohiko bilkuran. Bat, EHBilduk eta bestea PSE-k aurkezturikoa. Dagoeneko batzordean aho batez onartu dituzte bi adierazpenok. Usurbilgo Udala indarkeria matxistaren aurka lan egitera konprometitzen da bi adierazpenokin.
EHBilduk aurkezturikoan gainera, besteak beste, azaroaren 25ari lotutako mobilitazioetan parte hartzera deitzen dituzte herritarrak. Gogoan izan, Usurbilen, ostiral honetarako (azaroak 24) iluntzeko 20:00etan deitu da elkarretaratzea Mikel Laboa plazan. Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Eguneko eta euskal presoen eta haien senideen eskubideen aldeko aldarriak lotuko ditu hitzorduak. Mobilizazioa eragile anitzek deitu dute: Usurbilen Nahi Ditugu taldeak, Matrakak Talde Feministak, Usurbilgo Ernaik eta Usurbilgo Sortuk.
Azaroaren 25az gain, hirigintza eta diru kontuak tartekatuko dira, azaroaren 28rako deitua dagoen osoko bilkurako gai zerrendan. Usurbilgo Udalak helarazi berri digu, hemen duzue:
Udalbatzarraren osoko bilkura
Eguna: azaroak 28, asteartea.
Ordua: 18:00.
Tokia: Usurbilgo Udaleko udalbatza aretoa.
Deitzailea: Usurbilgo Udala.
Gai zerrenda:
1.- Aurreko bilkuretako akten onespena: *2017/09/26ko bilkurako akta. *2017/10/31ko bilkurako akta.
2.- Alkatetzako dekretu hauen berri ematea: urriaren 23tik azaroaren 17ra (2017/1072- 2017/1158).
3.- 2017-2020 epealdiko plan ekonomiko-finantzarioa.
4.- Hiri Antolamenduko Arau Subsidiarioetako SGERC-2 (Rezustaenea) Sistema Orokorraren Antolamendu Xehatuaren aldaketa behin betikoz onartzea.
5.- Usurbilgo udal hilerriaren erregimen eta funtzionamendurako araudiaren aldaketa.
6.- PSE-EE udal taldeak aurkeztutako Adierazpen Instituzionala: Azaroaren 25a, Emakumeenganako indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna.
7.- EH Bildu udal taldeak aurkeztutako Adierazpen Instituzionala: Azaroaren 25a, Emakumeen kontrako indarkeria ezabatzeko nazioarteko eguna.
8.- Galdera-eskaerak.