NOAUA!ra helarazi duen ondoko idatzian, hitz batekin laburbildu du Haimar Zubeldiak bere aldeko omenaldi astean bizitakoa: "Uuaaaaauuuu". Dioenez, "ez dakit hainbeste merezi nuen baina bukaera hau ikusita erabat asebeteta geratu naiz".
Opari izugarria izan da beretzat egunotan bizitakoa, "betirako bihotzean gordeko dudana!!!" dio Haimarrek. Esker hitzak baino ez ditu omenaldiko antolakuntzarentzat. "Eskerrik asko Ainhoa eta bere lan taldeari hainbeste maitasun jartzeagatik".
UUAAAAAUUUU
Hitz batez laburtu behar nuen bihotzean eta buruan nuena eta horixe izan zen atera zitzaidana: UUAAAAAUUUU!!!
Ez dakit hainbeste merezi nuen baina bukaera hau ikusita erabat asebeteta geratu naiz.
Asteazkeneko elkarrizketan, Arritxurekin parez-pare goxo, gustora eta lasai egon nintzen kontu zaharrak berritzen. Behin bukatuta, erakusketa ikusteko sekulako gogoa neukan.
Bertara sartu orduko barruak buelta eman zidan. Maillot, dortsal, bizikleta eta argazki bakoitzaren atzean, kilometro piloaz gain, nere historio zati bat ikusi nuen eta etxean bezela sentitu nitzen Sutegin.
Azkena atera nintzen handik eta barruak eskatuta, egunero egunero joan naiz erakusketara. Jende asko gerturatu omen da bertara, nere gertukoek hain jarri zuten polita....
Eta zer esango dut larunbatari buruz!!! Andatzako, Kalexarko eta Sagardotegiko pelotoi haundiak ikustea berezia izan zen neretzat. Eguerdiko ekitaldia, oholtza gainera igo ziren guztiak, anaiaren bertsoa.... bihotza taupaka, poza, emozioa, irribarreak, onarpena eta berotasuna sentitu nituen Usurbilgo plazan.
Hitzik gabe geratu nintzen beste behin.
Jantzi nuen maillot horia eta nerea izan zen garaipena. Eskerrik asko Ainhoa eta bere lan taldeari hainbeste maitasun jartzeagatik. Opari izugarria USURBIL, betirako bihotzean gordeko dudana!!!
Haimar Zubeldia Agirre (Usurbildarra)