Hainbat ordezkari politikori herritarrek galderak egiteko osoigo.com plataforma irekiak eskaintzen duen aukera baliatuta, Ipar Haizea taldeak galdera zuzena luzatu dio Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusiari: "Alde eta aurka dauden adituen arteko Zubietako erraustegiaren eraginei buruz EITBk eztabaida publikoa ematea babestuko zenukete?".
Plataforma beretik, eztabaidarako gonbita beti ongietorria dela erantzun du Olanok, baina edozein kasutan, EITBk duela azken hitza. Zubietako errauskailuak Gipuzkoan hondakinen kudeaketaren inguruan dagoen eztabaida konpontzen duela berresten du halere beste behin.
"Osoigo" atarian, Ipar Haizea taldearen eta Gipuzkoako Ahaldun Nagusiaren artean izan den hartuemana esteka irakur dezakezue erdaraz: https://www.osoigo.com/es/markel-olano-apoyariais-un-debate-publico-en-eitb-entre-expertos-que-esten-a-favor-y-en-contra-sobre-los-efectos-de-la-incineradora-de-zubieta.html
Zenbait iruzkin eragin ditu Markel Olanoren erantzunak. Ipar Haizearen eta Markel Olanoren arteko hartuemana segidan duzue, euskaratuta:
IPAR HAIZEAREN GALDERA
"Alde eta aurka dauden adituen arteko Zubietako erraustegiaren eraginei buruz EITBk eztabaida publikoa ematea babestuko zenukete?".
"Kaixo, errauskailu proiektu berriaren aurrean eta proiektu hau sustatzen ari diren ordezkari politikoek herritarren artean hazten doan kezka aintzakotzat hartzeko borondate ezaren aurrean, Zubietako errauskailuari buruzko adituen arteko eztabaida publikoa egitea eskatzen dugu. Bertan bi aldeak ordezkatuak egotea eskatzen dugu: errauskailuaren aldeko eta kontrakoak. Bi jarrerak kontrastatuko dituen eta telebistak emango duen eztabaida izatea nahi dugu".
MARKEL OLANOREN ERANTZUNA:
"Zubietako Ingurumen Gunea Gipuzkoako hondakinei buruzko eztabaidaren konponbidea da"
Urte luzez Gipuzkoan hondakinen kudeakeari buruz egon den eztabaida sakonaren emaitza da hain zuzen Gipuzkoako Ingurumen Gunea. Gipuzkoako gizarteak behin eta berriz eskatu du gai hau konpontzea.
Arazo honi irtenbidea ematea hitz eman genuen. Gure gobernu programaren konpromiso nagusietako bat zen, hauteskundeen emaitzen ondorioz, gehiengoaren babesa duena.
Jarritako konfiantzagatik eta hitz emandakoa betez, Europako hondakinen tratamendu azpiegitura abangoardista, seguru eta garbienetako bat izango du gure herrialdeak. Hiritar guztien esku jendaurrean ikusgai daude proiektu honen obren, kostu, funtzionamendu eta bere eraginen inguruko azterketen xehetasunak.
Kontraste publikora eta eztabaidarako gonbita beti ongietorria izaten dela ez izan zalantzarik. Etorkizunak aurrean jartzen dizkigun erronkak eta erantzunak definitu behar dituen ariketa beharrezkoa da eztabaida. Gure herrialdearen etorkizuna batera eraikitzeko eztabaidaren partaide egiten dut gizarte gipuzkoarra.
Ordezkari publiko gisa, gardentasuna eta errespetu maximoa zor diogu hiritargoari, bai gure erabakiak helarazterako unean baita haien kezkez berri ematerakoan ere. Edozein kasutan, EITBk eztabaida publikoa ematearen aldeko babes eskaeraren aurrean, iniziatiba komunikazio erakundearen mende dago.