GHKren tarifak kalkulatzeko irizpidea aldatzea eskatuko dute, Usurbil, Hernani eta Oiartzungo Udalek

Noaua Aldizkaria 2017ko aza. 23a, 15:52

Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) bere tarifak kalkulatzeko baliatzen duen irizpidea bidegabetzat jotzen dutenez, aldatzea eskatuko dute Usurbil, Hernani eta Oiartzungo Udalek, San Marko Mankomunitateak ostiral honetarako deitua duen batzarrean. Batzar horretan hain zuzen, GHKren tarifez eztabaidatuko dute udalek. "Zenbatekoak kalkulatzeko erabiltzen dituen irizpideak aldatzeko eskatuko dute, eta batzarreko erabakia GHKra eramateko", adierazi dute Usurbilgo Udaletik.

Aipatu moduan, bidegabetzat jotzen dute egun GHK-k tarifak kalkulatzeko aplikatzen duen irizpidea, "izan ere, ondo ari dena saritu beharrean, zigortu egiten du. Eta hori lehenbailehen aldatzeko eskatu dute, hondakinen kudeaketaren gainean dauden lege eta zuzentarauek ezartzen dituzten printzipioak jarraitu nahi badira, bederen. Esaterako, Europako Hondakinen Zuzentarauak adierazten duenez, kutsatzen duenak ordaindu behar du. Espainiako uztailaren 28ko 22/2011 Legeak ere printzipio hori onartzen du. Beraz, biohondakina murriztu edota gaika gehien biltzen duena ezin da zigortu".

Irizpide aldaketa, biohondakinen eta errefusaren tarifetan

Gaur egun, GHK-k biohondakinen zenbatekoa errefusaren tarifaren arabera kalkulatzen duela gogorarazten dute udalok, "eta, ondorioz, irizpide horrek zigortu egiten du biohondakina murriztu eta gaika gehien biltzen duena. Errefusarekin loturarik ez duen hondakin baten tarifa kalkulatzeko, zergatik hartu behar da errefusa abiapuntutzat?".

Udalon ustez irizpideak aldatu beharko lirateke, "biohondakinaren tarifa beronen tratamenduaren kostuaren arabera kalkulatu beharko litzateke, baita garraioaren kostua ere. Hau da, biohondakinari dagozkion gastuak soilik ezarri behar zaizkio tarifari. Izan ere, nola da posible udal batentzat garestiagoa izatea biohondakinak GHKren bidez tratatzea enpresa pribatu baten bidez tratatu baino? GHKren tarifa 138,49 €/tn da, eta enpresa pribatuarena 33€/tn. Halaber, biohondakina gaika biltzea bultzatzeko, hobariak jartzeko eskatu dute, izan ere, helburua errefusarekin biohondakinik ez nahastea izan behar du".

Errefusari dagokionez, "errefusa da birziklaezina den zatia. Beraz, kutsatzen duen zatia. Horregatik, hiru udalon ustez, errefusaren kostuak gainerako hondakinen kostuak baino garestiago beharko luke izan. Modu horretan beste hondakin motak birziklatzera bultzatuko litzateke. Hau da, errefusaren tarifak bere tratamendu kostua ordaindu behar du, eta beste zatiak baino garestiagoa behar du".

Gogoan izan, hondakinen kudeaketaren eskumena udalena da. Erabaki hau GHK-ra eramatea eskatzen dute udalek, kontsortzio hau arduratzen baita egun errefusaren eta organikoaren tratamenduaz. Udalak Mankomunitateetan bilduak daude, Mankomunitateak Kontsortzioan.