Azaroaren 25eko eta presoen eskubideen aldeko aldarriak bat eginik, bart egin zuten elkarretaratzean

Noaua Aldizkaria 2017ko aza. 25a, 10:39

Usurbilen Nahi Dituguk, Matrakak Talde Feministak, Usurbilgo Ernaik eta Sortuk deitu zuten bart Mikel Laboa plazan egin zen mobilizazioa. Hitzorduak bi aldarri lotu zituen; euskal preso eta haien senideen eskubideen aldekoa eta Azaroaren 25 honi lotutakoa, indarkeria matxistaren aurkakoa. 

Gogorarazten zutenez emakumeen aurkako indarkeriak "hamaika ertz ditu. Euren artean elkargurutzatu egiten dira zapalkuntzak". Eta atzoko mobilizazioak hori guztia bistaratu nahi izan zuen, "fokua, emakume eta ama giltzapetuen gainean jarri dugu". Honatx plazaratu zuten adierazpena:

Usurbilen Nahi Ditugu, Matrakak, Ernai eta Sortu

Azaroaren 25ean bezperan gaude. Dakizuen bezala, emakumeon aurkako indarkeriaren kontrako nazioarteko eguna da bihar. Halakoetan puntu morea jarri ohi dute hedabideek zein politikariek, erakundeetan mozioak onartzen dituzte eta hainbat erreportaje eta datu argitaratzen dituzte. Kontzientzia pizteko beharrezkoak dira, baina aurre egiteko ez dira nahikoak; azaletik haratago joan beharra dago, hain zuen ere, erraietara, errora.

Emakumeon aurkako indarkeriaz hitz egiterakoan, badirudi bat eta bakarra dela. Haatik hamaika ertz ditu. Euren artean elkargurutzatu egiten dira zapalkuntzak. Generoaz gain, kontuan hartu behar dira beste zenbait ezaugarri ere; hala nola, adina, jatorria, posizio edo status soziala, etnia, joera sexuala, ikasketa maila, arraza... Konplexua da errepresio sistema hetero-kapitalista-patriarkalaren engranajeak ikustea eta ulertzea. Are gehiago horiei aurre egitea.

Bide horretan, begiradak findu behar ditugu bortizkeria sotilena ere antzemateko. Ikusezina ikusgarri egin behar dugu. Betaurreko moreak tarteka garbitu beharra daude eta zalantzan jarri behar ditugu barneratuta eta naturalizatuegi ditugun hainbat egoera. Ezinbestekoa zaigu eremuz eremu alternatibak eraikitzea, parekoak, justuagoak. Argi izan behar dugu ardura guztiona dela eta ez soilik zapalduona.

Jazarpen elkargurutzatuen ideiari berriro eutsita, herriko errealitatetik edango dugu hilaren azken ostiraletan frontoi atzean batzen gaituen horretatik. Olatz Lasagabaster herrikidea ekarri nahi dugu gogora, herritik 564 kilometrora gatibu dute. Bidelagun duen Patxi Uranga ere espetxe berean dute preso eta bien alaba, Xua, ere han da.

Fokua, beraz, emakume eta ama giltzapetuen gainean jarri dugu. Begi bistakoa da egungo presondegiak gorroto sistema zapaltzaile baten tresna erabat patriarkalak direla. Aipatzekoa da nola areagotzen diren jendarte honetan emakumeoi egotzitako rola, esaterako, umeen zaintzari dagozkionak. Olatzek berarekin du Xua eguneko hogeita lau orduz; Patxik, aldiz, ez du halako "eskubide" edo "betebeharrik". Legez debekatua du. Aurrez aurrekoetan eta bisitetan bakarrik ikus dezake Xua. Hortaz, egon badago idatzi gabeko arau bat, zeinak haurraren zaintza amari soilik dagokiola dioen.

Jakina da, baita ere, emakume presoentzat ez daudela kartzelak (nolabait esatearren) "egokituta". Gizonezkoen espetxeetako modulu txiki eta ilunetan sartzen dituzte edota isolamenduan. Betiere, patio apalenak egokitzen dizkiete eta ekintzen eskaintza eskasagoa da emakumeentzat, askotan, soberakinak. Gainera, subjektu politiko modura hautsitako rolak irentsarazi nahi dizkiete joskintza eta bestelako tailerrekin. Kasualitatetik baino kausalitatetik gehiago du horrek guztiak.

Horrez gain, nabarmentzekoa da urruntze-politikaren ondorioz, Xuak oraindik ez duela Usurbil ezagutzen. Bere askatasun uneak dispertsio-politika ankerrak lapurtzen dizkio. Ez hori bakarrik, bere senitarteko eta lagunekin gara ditzakeen harremanak ere eragozten ditu. Izan ere, Euskal Herrian balego, gehiagotan atera ahal izango luke espetxetik eta ingurukoekin bestelako hartuemanak izango lituzke. Horregatik, ekarri behar ditugu Izarrekin Sara eta Xuarekin Olatz etxera!

Gaurkoan ere aipamen berezia egin nahi diogu zendu berri den Belen Gonzalez Peñalba borrokalariari. Gaitzak jota hil da, baina ez aske, etxean izan arren, presondegietako giltzarrapoaren menpe baitzegoen.

Eta amaitzeko, duela egun gutxi askatu duten Ekhiñe Eizagirre zarauztarraren hitzekin agurtuko zaituztegu: gorri eta more ez dinagu emango amore!

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

OLYMPUS DIGITAL CAMERA