2004. urteaz geroztik urteak daramatzate gizartea ohartarazten, eta larunbatean berriz gogorarazi ziguten kezkatzeko modukoa den mezua. "Erraustegiek gaixotasunak areagotzen dituzte, publikatutako azken ikerketen arabera", hala adierazi zuen eremu honetan, hau da, erraustegiak herritarron osasunean izan dezakeen eraginaz kezkatuta lanean diharduten mediku eta osasun arloko langileez osaturiko Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeak, azaroaren 25ean Potxoenean egin zuen agerraldian.
Ondorio argi honekin, Zubietan, Donostiako lurretan eraikitzen ari diren erraustegiko lanak etetea eskatzen dute, zentzuz jokatzea administrazio publikoari "eta obra honen bultzatzaileei eskatzen diegu beraiekin biltzea ikerketa hauen guztien berri emateko".
Argi diote OEIT-tik jada "koska ez da errauskailua kaltegarria den osasunerako ala ez, baizik eta zenbateraino den kaltegarria".
Zabalgarbiko erraustegi inguruko barazkiak ez jateko aholkua
Zubietako erraustegiko lanak etetea eskatzearekin batera, jada martxan den Bizkaiko Zabalgarbiko erraustegia inguruan izaten ari den eraginaz kezkatua dago OEIT, "bereziki, inguruko landaretzan aurkitutako arsenikoaren mailagatik. Izan ere, maila hau boskoiztu egin da erraustegia martxan jarri zenetik. Honen ondorioz, bere inguruan landatutako barazkiak jatea osasun arrisku bat izan ahal da kontsumitzaileentzat".
Zabalgarbi inguruko barazkiak ez kontsumitzea aholkatzen du OEIT-k eta Ingurumen Sailari ikerketa bat egitea eskatzen diote, bi helbururekin; "lehenengoa, zehaztea nondik datorren landaretzan metatzen ari den arsenikoa eta bigarrena, bertako barazkiak jatea arriskutsua izan zitekeen eremuaren mugaketa egitea. Halaber, aipatutako sailari eskatzen diogu Zabalgarbiren kautelazko geldiera, ziurtatu arte erraustegia ez dela arsenikoaren mailaren igotze horren iturburua".
Hainbat ikerketetan oinarritutako ebidentziak
Erraustegi berriek herritarron osasunerako eraginik ez dakarrela esan dutenak, OEIT-rentzat balorazio pertsonalak direla gogorarazten dute, "ebidentzia zientifikoetan oinarritu gabekoak. Guk, aldiz, ehunetik gora ikerketa aztertu ditugu, eta ez dugu aurkitu erraustegiek osasunean kaltegarik sortzen ez dutela frogatzen duen ikerketarik. Kontrakoa da aurkitu duguna".
Hainbat adibide aipatzen ditu OEIT-k. Erraustegiek (baita berrienek ere) osasunerako ondorio kaltegarriak dakartzatela agerian jartzen dituen hainbat ikerketa:
2011, Ranzi: pleurako eta maskuriko minbiziaren hilkortasuna handitu egiten da.
2014, Golini: gaixotasun kardiobaskularrak eta arnasbidetakoak (azken hauek adin pediatrikoan ere) izateko arriskua handitzen dela frogatzen du.
2015, Ancora: pankreaseko minbiziaren handitze bat frogatzen du. Honekin batera pleurako, gibeleko eta laringeko minbiziengatik emandako ospitalizazioen handitzea eman zen.
2016, Minchilli: gaixotasun kardiobaskularrak garatzeko arriskua handitzen da.
2016, OME: erraustegi berriek ere biztanleriaren osaunean eragiten dute.
Ikerketa hauek jendaurrean ezagutaraztea ezinbestekotzat jotzen du OEIT-k, "beti ere kalitatezko eta nazioartean oniritzia jasotako ikerketa zientifikoetan oinarrituz" eta gaineratu dutenez, "kontuan hartuta errauskailuaren aldeko ordezkari instituzionalek egon daitezkeen arriskuak neurtzeko behar-beharrezkoa den informazioa ukatu egiten dietela herritarrei". Zubietan eraikitzen ari diren erraustegia jartzen dute adibide gisa.
Egiaztatutako eta kalitatezko informazio zientifikoa zabaltzeko konpromisoa berresten du OEIT-k, eta iragarri dutenez, "hau lortzeko hiritar guztien eskura jarriko ditugu aipatutako ikerketa guztiak sare sozialen bidez". Honekin batera, eremu ezberdinetako eragileekin harremanetan jartzeko asmoa dute. Bilera erronda honen "helburua izango da errauskailuak osasunerako kaltegarriak direla frogatzeko ebidentzia zientifikoa nahikoa badagoela jakinaraztea".
Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldearen berri bideotatik jaso dezkaezue:
Facebook: OEIT GEIS
Twitter: https://twitter.com/OEIT_GEIS