Abenduaren 9ko Parisko mobilizaziora joateko autobus zerbitzua Usurbildik

Noaua Aldizkaria 2017ko aza. 27a, 13:27

Abenduaren 9an, “Denak Pariserat”. Hortxe euskal herritarrei luzatu zaien gonbita. Euskal presoei aplikatzen zaizkien salbuespenezko neurriak aplikatzeari utzi eta haien zein haien senideen eskubideen aldeko inoizko mobilizazio handiena izatea nahi dute Bakearen Artisauek Frantziako hiriburuan deitu dutena. Frantziako Gobernua ere Euskal Herriko bake prozesuan inplika dadila eskatuko da Parisko kaleetan. Milaka lagun espero dira bertan. Asko trenez joango dira, baina beste hainbat Euskal Herritik irtengo dira autobusetan. Usurbildik ere bus zerbitzua antolatu dute. Aitzagan eman dezakezue izena. Mobilizazioa girotzeko ekitaldia burutu zuten frontoian aurreko larunbatean. Besteak beste, Kantu Taldekoen bisita izan zuten.

Parisera joateko gonbita luzatu dutenen artean Ernai Usurbil dago. “Denak etxera ekartzeko Abenduak 9an denak Pariserat!”, deitu dute sare sozialen bidez.

Azaroaren 24an Mikel Laboa plazan deitu zuen hileroko elkarretaratzean, Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik adierazi zutenez, “gogoratu, datorren abenduaren 9an Parisen izango den manifestazioaren garrantzia. Txikiak badira ere, Gobernu frantsesa keinu batzuk egiten hasi da eta zentzu horretan bultzatzeko berebizikoa da gure oihua helaraztea”.

Abenduak 9, larunbata: manifestazioa Parisen

11:00-12:00 Euskal Herritik etorritako autobusen heltzea Montparnasse Geltokira.

11:30 Elkarretaratzea Montparnasse geltokiaren aintzinean, animazioen hastapena, Euskal Herritik etorritako trenei harrera.

12:00 Presondegien martxari harrera.

12:30 Manifestaldiaren abiatzea.

Euskal Herriko talde ainitzek alaituko dute : joaldunak, txarangak, trikitixak, gaiteroak, txistulariak, dantzariak etab… Kamioi zono baten gainean artista andana batek manifestaldia animatuko du: Bad Sound System + Fermin Muguruza, Zebda-ko Mouss eta Hakim, Ogres de Barbak-eko Fredo, Oreka TX, Roce etab…

14:00 Manifestaldiaren heltzea. Hitz hartzea.

14:30 Kantuak.

15:00 Elkarretaratzearen bukaera, autobus eta trenetara itzulera.

17:00 Gaualdia Pariseko Euskal Etxean.

Informazio gehiago: artisansdelapaix.eus