Beldur Barik egitasmoaren baitan urteak daramatzate, jarrera hau sustatzeko, hau da, “emakumeen aurkako indarkeria mota guztiak gainditzeko eta harreman askeak, errespetuzkoak, parekideak, anitzak eta ez-sexistak eraikitzeko konpromiso pertsonal eta kolektiboa” erakusteko “Beldur Barik” lehiaketa antolatzen Emakundek, EAE-ko udal, Aldundi eta Jaurlaritzaren laguntzarekin. 8. edizioa dute aurten.
Gaztelekuko talde batek ere Beldur Barik lehiaketan parte hartu du. “Ze guapa gauden…” izeneko bideoa landu eta aurkeztu dute Maddi Zuloagak, Garazi Santosek, Izaro Goenagak, Karmele Arrillagak, Naroa Guembek eta Ane Giraldesek. Bi kategoriatan banatua dago txapelketa, Gaztelekuko kideok 12-17 urte artekon artean parte hartu dute. 274 lan aurkeztu dira kategoria horretan, 18-26 urte artekoen artean, beste 96. Guztira ia 400 lan, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa osoan. Estereotipoez, rolez, askatasunaz mintzo dira, Glaukoma musika taldeko “Kalima” izeneko laneko Gure Kaiola abestiak musikaturiko bideoan. Atari honetan ikusi dezakezue: beldurbarik.org. Ez hori bakarrik, baita bozkatu ere astelehen gaueko 00:00ak arte. Puntuazio gehien duen lanak parte hartzearen saria jasoko du. Lan saritu guztiak larunbatean, abenduaren 2an emango dira ezagutzera Eibarren ospatuko den Beldur Barik Topaketan.
Eskubaloi jokalarien aldarria
“Sozialki berdina, gizalegez ezberdinak eta erabat askeak izateko mundu baten alde” aldarripean mobilizatu ziren aurreko larunbatean, ondoko irudian dituzuen kadete eta jubenil nesken mailako eskubaloi jokalariak.
Bi udal adierazpen
Usurbilgo Udaleko udalbatzarra astearte honetan egitekoa den osoko bilkuran, Azaroaren 25ari lotuta EHBilduk eta PSE-k aurkezturiko adierazpenak bozkatzekoak dira.
Datozen deialdiak
Azaroak 28, asteartea
18:00 Usurbilgo Udaleko udalbatzaren osoko ohiko bilkura. Eguneko gai zerrendan, besteak beste, indarkeria matxistaren aurkako bi adierazpen aurkeztu eta bozkatuko ditu udalbatzak.
Deitzailea: Usurbilgo Udala.
Azaroak 30, osteguna
18:00 Kafe-tertulia Potxoenean: “Ni ere izan nintzen nerabe”.
“Harremonak taldeak tratu onak lantzeko solasaldia eskainiko digu. Bereziki guraso eta irakasleei zuzenduta”.
Antolatzailea: Usurbilgo Udaleko Parekidetasun Saila.