Abenduan abiatu asmo du Udalak, Eguneko Arreta Zerbitzu berria

Noaua Aldizkaria 2017ko aza. 27a, 11:27

65 urtetik gora izan eta mendekotasun maila txikia duten herritarrei zuzendua egongo den Eguneko Arreta Zerbitzu berria abenduan martxan jarri asmo du Usurbilgo Udalak, ohar bidez berri eman duenez. Egunotan erabiltzaile izan daitezkeen herritarrei gutuna helarazi zaie, zerbitzu honekiko interesa izanez gero Gizarte Zerbitzuetara joan edo bertara deitzera gonbidatuz. "Zerbitzu horren bidez Usurbilgo Udalak kalitatezko bizitza bermatu nahi die pertsona nagusiei, eta mendekotasun arina duten adinekoei euren autonomiari eusten lagundu", berri eman dute Udaletik.  

Honez gain, "herritar nagusien kalitatezko bizitza, osasuna (fisikoa nahiz psikikoa), familia eta adiskideekin dituzten harremanak mantendu, aisialdiaz gozatu eta era guztietako arazoak prebenitzen laguntzeaz gain, parte-hartzaileen gustoko ekintzak egingo dituzte, hala nola tailerrak, tertuliak, esku-lanak, memoria lantzeko tailerrak eta ariketa fisikoak".

Buruntzaldea mailan Usurbil izango da zerbitzu hau martxan jarriko duen lehen udalerria. Usurbilgo Udalaren eskariz Aztikerrek joan den maiatzetik ekainera 65 urtetik gorako herritarren egoera, beharrak ezagutzeko eginiko ikerketa soziologikoan egindako eskarietako bati erantzungo dio udal zerbitzu berri honek. 

Ikerketa hartan hain zuzen, udal zerbitzuei 8,1eko puntuazioa eman arren, "eguneko arreta faltan botatzen dute, eta gehienek zerbitzu hori herrian jartzea ondo edo oso ondo baloratuko lukete, eta askok erabiliko zuketela adierazi zuten. Hain zuzen, eskari hori aintzat hartu, eta zerbitzua eskaintzeko asmoa du Udalak".

EGUNEKO ARRETA ZERBITZU BERRIA

Helburua

"Mendetasun-arriskuan edo mendetasun egoeran dauden adinekoei autonomiari eusten laguntzea eta ohiko bizi-ingurunean jarraitzen eta gizarteratzen laguntzea, isolamendu-egoerak konpentsatuz, behar izanez gero".

Hartzaileak

-Mendetasun-arriskuan edo mendetasun-egoeran dauden 65 urtetik gorako adinekoak dira.

-Usurbilen erroldatuak.

-Pertsonak duen arreta pertsonalizatutako planak eguneko arreta bezalako zerbitzuak dituen beharrei erantzuten dela ikusten dienean, gizarte-zerbitzuen onespenarekin.

Zerbitzuaren ezaugarri nagusiak

-Hiru ordu goizez, astelehenetik ostiralera, Artzabalen.

-Talde bakoitza 6-12 kide artekoa.

-Hezitzaile-dinamizatzaile bat egongo da.

-"Erabiltzaileek ekintza zein ariketa ezberdinak egingo dituzte beren gaitasunen arabera. Gainera, aipatutako pertsonak beren ohiko bizitokian egon ahal izatea ahalbidetu eta beren sozializazioa bermatzen saiatuko da, izan daitezkeen isolamendu egoerak leunduz".

-Prezioak Buruntzaldeko adulen artean adostuko dira. Zenbatekoa zehazteko, erabiltzaileen diru-sarrerak aintzakotzat hartuko dira. "Eguneko euro bat, bi euro edota 3 euro ordainduko dira, bakoitzaren diru-sarreren arabera. 60 euro kostatuko da hilero, gehienez ere".

Informazio gehiago Gizarte Zerbitzuetan

943 377 110

Kale Nagusia behea 43

Ordutegia: 9:00-14:00