Ateak zabaltzear dituen Durangoko Azokari begira gida ezinhobea, datozen eguberrietan euskara oparitzeko tresna ezin aproposagoa. Gida landu eta osatua, bertako, etxeko produktuekin. Kalean da, 2017-18 ikasturteari lotutako Euskarazko Produktuen Katalogo berria. Euskal Herriko 140 bat udal eta mankomunitateetako Euskara Zerbitzuen elkarlanaren emaitza da katalogoa. Usurbilgo Udalak ere parte hartzen du egitasmo honetan. Urtero moduan ikastetxeetan papereko edizioko katalogoak banatu dituzte jada. Eskuratu gabe geratu denak Potxoeneako Euskara Sailera jo dezake.
Ia euskarazko denetariko 6.000 produktu biltzen ditu 19. katalogoak; liburuak, musika, jostailuak, jokoak, aldizkariak, DVD-ak, komikiak, gurasoentzako materiala... Produktu guztion bilaketa errazteko, adin tartearen araberako bi atal nagusitan banatu dute argitalpenaren papereko edizioa: 0-12 eta 12-16 urte artekoei zuzendutako bereizitako eskaintzan. Produktu eskaintza osoa katalogoa.eus webgunean kontsulta dezakezue. "Bilaketa aurreratua" atalaren laguntzaz, "bilaketa hainbat parametro elkarren artean konbinatuz ere egin daiteke, konparaziora: produktu mota, prezioa eta argitaratze urtea bilatuz; edota argitaletxea, produktu mota eta adina; eta horrela nahi beste konbinazio".
Aipatu moduan, papereko edizioko produktuak eta gehiago ere aurki daiteke katalogoa.eus atarian. Etengabe eguneratzen baitoa. Honenbestez, azken nobedadeak bertan aurkituko dituzue. Baina baita gauza gehiago ere; produktu bakoitzaren informazio zehatza, interesgarriak suerta daitezkeen beste web orrialdeetarako nahiz kultur eta aisialdi agendetarako loturak, Facebook nahiz Twitter bidez jarraitzeko aukera... "Era berean, webgunetik aldian-aldian argitaratzen diren nobedadeen erreferentziak jasotzen dituen buletin elektronikora harpidetzeko formularioa eskaintzen du eta baita paperezko bertsioaren pdf-a deskargatzeko manera ere".
KATALOGOA ZENBAKITAN
-2017koa, 19. edizioa.
-Euskal Herriko 140 bat udal eta mankomunitateetako Euskara Zerbitzuek parte hartzen dute (Usurbilgoak tartean).
-Bi edizio ditu katalogoak: paperekoa eta edizio digitala.
-125.000 ale banatu dituzte Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan.
-Katalogoak euskarazko ia 6.000 produktu biltzen ditu.
-0-16 urte arteko haur eta gazteei zuzendua.
-Bi atal nagusi: bat, 0-12 urte artekoei zuzendua; bestea, 12-16 urte artekoei.
Informazio gehiago:
Twitter: https://twitter.com/KatalogoaEuska
Facebook: https://www.facebook.com/EuskarazkoProduktuenKatalogoa/?fref=ts