Langabetuen egoera hobetzeko asmoz, Lanbidek eta Beterri-Buruntzako Udalek (Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbil) kontratazio programa ezberdinak iragarri dituzte. Batetik, eskualdeko enpresei kontrataziorako diru-laguntzak eskainiko zaizkie. Bestetik, eskualdeko udaletxeetan egitasmo ezberdinak burutzeko beharrezkoak izango diren kontratuak eginez. Ez hori bakarrik. Gizartean baztertutako emakumeei bideratuta dagoen prestakunta enplegu programa ere jarriko dute martxan.
Enpresetan kontratazioak egiteko laguntzak
33 diru-laguntza kudeatuko dira Beterri-Buruntza eskualdean. Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo udaletan kokatuta dauden enpresa guztiak izan daitezke laguntza hauen onuradun. “Laguntza jasotzeko, kontratua eskualdekoa den langabetu bati egin beharko zaio. Kontratuek gutxienez hiru hilabeteko iraupena izan beharko dute eta lanaldi erdikoak edo osokoak izango dira”, Beterri-Buruntzako Udalek eta Lanbidek elkarlanean egin duten prentsa oharrean aditzera eman dutenez.
Kontratazioak, Lanbideren bitartez
Kontratuak Lanbideren bitartez gauzatuko dira eta diru-laguntzak Andoaingo bulegoan (La Salle etorbidea, 6. 20140 Andoain) eskatu beharko dira. Informazio guztia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
Udaletxeetan burutuko diren kontratazioak
22 lan-kontratu
Abenduaren 31 baino lehen 22 kontratu gauzatu beharko dira Beterri-Buruntzako udaletan. Eskualdeko gazte langabetuek eta emakumezkoek lehentasuna izango dute hurrengo sei kontratuetan:
-Orientatzailea.
-Kontrataziorako diru-laguntzen dinamizatzailea.
-Produktu turistikoak garatuko dituen pertsona.
-Sagardo botilen birziklapenaren bideragarritasuna aztertuko duen pertsona.
-Maskoten kontzientziazio kanpainak burutuko dituzten bi pertsona.
16 lan-kontratu
Lan mundura sartzeko zailtasunak dituzten taldeentzat (55 urte gorakoak, DBE,...) 16 kontratu:
-4 basoko langile.
-Lehen mailako 6 ofizial (basozain, margolari edo igeltsero).
-6 peoi (brigada).
22 kontratu hauek eskualdeko udaletan (Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbil) gauzatuko dira baina Lanbidek kudeatuko ditu. Azaroan, Lanbiden argitaratuko dira lan eskaintzak eta bertan eman beharko da izena. Kontratu bakoitzaren iraupena proiektuaren araberakoa izango da baina kontratuek lanaldi osoan 5 hilabeteko bataz besteko iraupena izango dute. Lehentasuna izango dute eskualdeko biztanleek.
Ostalaritzan, 15pertsona prestatzeko programa
Udaletxeetako kontratazioez gain, turismoari eta ostalaritzari lotutako formakuntza programa bat bultzatuko dute Buruntza Beterriko udalek. Era honetan, eskualdeko langabetuen laneratzea erraztu nahi da. Bi zatitan bereizten da programa hau. Lehenengoan, prestakuntza aldian, oinarrizko lanak egiteko gaitasun ziurtagiria lortuko da. “Cebanc-en esku egongo da 15 pertsonen prestakuntza. Bigarren zatian, 15 ikasleetatik 10ek, sektoreko hainbat enpresatan kontratu bat lortuko dute Lanbidek eskainitako diru-laguntzari eta Beterri-Buruntzako udalen elkar-finantzaketari esker”.
6 hilabeteko kontratua
Kontratuek 6 hilabeteko luzapena edukiko dute eta lanaldi osokoak izango dira. “Lanbideren esku egongo da pertsona horien hautaketa”, Beterri-Buruntzako Udalek aditzera eman dutenez.
Beterri-Buruntzako udalen lan poltsarako deialdia
Enpresa, ekintzailetza eta gizarte enplegu erdi-mailako teknikari baten lanpostua aldi baterako betetzeko lan poltsa osatzeko deialdia egin dute Beterri-Buruntzako udalek, hau da, Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo Udalek. Eskabideak aurkezteko epea azaroaren 17an ireki zuten, 20 egun naturaleko epea dute interesdunek. Azaroaren 16ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean edo usurbil.eus atarian duzue informazio gehiago.