Ikastolaren 50. urtemugako ospakizunen antolakuntzan laguntzeko deia

Noaua Aldizkaria 2017ko aza. 28a, 11:58

Mende erdia beteko du Udarregi Ikastolak 2018an. Urtemuga berezia merezi bezala ospatu asmoz, ekitaldi ezberdinak antolatzekotan dira. Ekimenok bideratzeko irakasle talde bat osatu dute jada, “baina hezkuntza-komunitate osoaren artean ospatu nahi dugu!”. Antolaketan parte hartu eta ideia berriak proposatzera animatzen dute. “Ilusioz beterik gattunk! Barreiatu dezagun bada, bazter guztietara gogoa eta ilusioa!!! Guztion artean jantzi dezagun 50. garrena!”. Udarregi.eus atarian sartu eta jada proposatu dituzten ekintzetan laguntzeko izen emateko aukera duzue:

-Urtarrila: Ikastolaren leloa diseinatzen.

-Otsaila: 50. urte inauteriak ospatzen.

-Martxoa: atzotik gaurdaino: ikasle, irakasle, lehendakari eta familia ohiak….

-Apirila: Udarregi 50. urte bertsotan: Udarregi bertsolari, Udarregi ikastola….

-Maiatza: Udarregi sagardi artean: Usurbilgo bideetan barna (ibilaldi, paseo…).

-Ekaina: Ikastola Eguna. “Izango gattunk beste 50 urteetan! Bai horixe!”.

Euskararen Eguna

Jendaurreko bi ekitaldi antolatu ditu Udarregi Ikastolak Euskararen Egunaren harira:

Abenduak 1, ostirala

12:10 Lehen Hezkuntzako ikasle eta irakasleen euskal abestien kantaldia Mikel Laboa plazan. Eguraldi txarrarekin frontoian.

16:15 Udarregi Ikastolako HH-koak jolastokira irtengo dira abestera. 

Antolatzailea: Udarregi Ikastola.

Udaleku irekiak gabonetan

Ikastolen elkarteko aisialdi-taldeak LH 5 eta 6 mailetako ikasleei zuzenduriko programazioa eta robotikari buruzko udaleku irekiak antolatu ditu eguberrietarako Udarregi Ikastolan bertan; abenduaren 26tik 29ra, 09:00-13:00 artean (zaintza zerbitzua 08:30etatik). Taldea osatu ahal izateko gutxienez 10 lagunek eman beharko dute izena. Izen ematea zabalik abenduaren 15era arte. Udalekuon helburuak honakoak izango dira: "pentsamendu konputazionalaren oinarriak ezagutu, teknologia berriak euskaraz bizitzeko aukera berritzaileak ahalbidetu eta zaletasun bereko gazteen arteko elkar-ezagutza sustatu". Honatx egitekoak dituzten jarduerak:

-Scratch blokeko programazioaren oinarriak ezagutu.

-Hardwarearekin lanean hasi: bideo-jolasak kontrolatzeko Gamepad pertsonalizatua sortu.

-Zowl robotekin aritu: desmuntatu, muntatu eta programatu.

-Robot pertsonalizatuak sortu eta haien artean borroka egiteko programatu, aurretik ikasitakoa baliatuz.

-Gazteek burututako proiektuaren aurkezpena eta roboten arteko txapelketa.

Heldutasun teknologikoaren ziurtagiria

Heldutasun teknologikoaren maila ertaineko ziurtagiria eskuratu du Udarregi Ikastolak. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ikastetxeen IKT Heldutasunerako mailak egiaztatzeko jarritako ziurtagiria da Udarregik eskuraturikoa. Zorionak!

Seaskako egutegiak eskuragarri

Iparraldeko ikastolen 2018ko egutegi ezaguna eskuratu nahi baduzue, Ikastolako eta Haur Eskolako idazkaritzetan dituzue eskuragarri, 4 eurotan.