Elurrak Andatza gaina zuritu dezake egunotan

Noaua Aldizkaria 2017ko aza. 28a, 08:29

Negu giroa datorkigu egunotan. Asteazken goizeko 09:00etatik aurrera abisu horia ezarriko dute elurragatik Gipuzkoa barnealdean. Hasieran 1000-1100 metrotik gora zuritu badezake ere, egunean zehar elur maila jaisten joango da, 600-800 metrora arte. Euskalmet-ek dioenez, "ekaitz-guneetan eta ekialdean noizbehinka baliteke 500 m-ra jaistea. Zaparrada txiki-ertainak botako ditu, bereziki kantauri isurialdean. Trumoi-ekaitzak izan eta txingorra bota dezake".

Ostegunerako aldaketa handirik ez. Goiz partean, 500-700 metro artean egin dezake elurra eta gerora 700-800 metrotik gora. "Zaparrada txikiak botako ditu, kantauri isurialdeko zenbait lekutan eta noizbehinka ertainak, sarriago eta ugariago egunaren bigarren partean".

Eguraldi iragarpenen arabera, elurrak 562 metroko garaiera duen Andatza gaina zuritu dezake honenbestez:

EGUNOTARAKO IRAGARPENA

Azaroak 28, asteartea

"Goizean nahiko giro argia eta arratsaldean euritara joko du. Goizean hotz egingo du, izotza botako du txoko askotan. Hainbat bailaretan behe-laino apur bat sortuko bada ere, lehen orduetan desegin eta oro har goizean zerua nahiko txukun agertuko da, batez ere barnealdean. Tenperatura maximoak 10-14 ºC artean geldituko dira. Orduek aurrera egin ahala, egoera aldatuz joango da; kostaldetik fronte bati loturiko lainoak sartuz joango dira eta arratsaldean euritara joko du. Ipar partean egingo du batez ere eta zaparrada mardulenak iluntzetik aurrera botako ditu. Hegoaldera euria gaualdean iritsiko da. Arratsaldean haizea ipar-mendebaldetik finkatu eta indartu egingo da. Gauean elur-maila 1100 m-ra jaitsiko da".

Azaroak 29, asteazkena

"Euria eta elur-maila 1000 m-tik behera kokatuko da. Zaparrada giroa nagusituko da, tarteka mardul botako du, eta ipar partean pilatuko da litro kopuru handiena. Goi-geruzetako aire hotzak ekaitzak suspertuko ditu. Elur-maila jaisten joango da eta egunaren bigarren zatian 600-800 m inguruan ibiliko da; baliteke ekaitz guneetan eta ekialdean 500 m-ra jaistea. Haizeak iparraldetik joko du eta tenperatura dezente jaitsiko da; eguneko altuenak 10 ºC-ren azpitik geldituko dira".

Azaroak 30, osteguna

"Giro hotza eta zaparradak. Itsasaldetik sartuko diren hodei trinkoek zaparradak botako dituzte, sarriago prezipitatuko du ipar partean eta bereziki egunaren bigarren zatian. Goiz partean euri gutxiago egingo du. Elur-maila 500-700 m inguruan kokatuko da lehen orduetan eta gainerako orduetan 700-800 m inguruan. Ipar-mendebaldeko haizea zakar ibiliko da haizeguneetan, boladaka oso gogor joko du. Tenperatura maximoak 5 eta 10 ºC-ren bueltan ibiliko dira".

Informazio eguneratua: euskalmet.eus