Xabier Olano (EHBildu): "Beharrezkoa da erraustegiari eta haren ondorioei buruzko eztabaida serio eta zorrotz bat"

Noaua Aldizkaria 2017ko aza. 28a, 14:34

Hainbat ordezkari politikori herritarrek galderak egiteko osoigo.com plataforma irekiak eskaintzen duen aukera baliatuta, Ipar Haizea taldeak galdera zuzena luzatu du: "Alde eta aurka dauden adituen arteko Zubietako erraustegiaren eraginei buruz EITBk eztabaida publikoa ematea babestuko zenukete?". Gogoan izan change.org  atarian jada ia 4.300 lagunek eskatua dutela EITB-k eztabaida hau ematea.

"Osoigo" izeneko plataformatik, eztabaidarako gonbita beti ongietorria dela erantzun du Olanok, baina edozein kasutan, EITBk duela azken hitza. Zubietako errauskailuak Gipuzkoan hondakinen kudeaketaren inguruan dagoen eztabaida konpontzen duela berresten du halere beste behin.

Xabier Olanok (EHBildu) ezinbestekotzat jotzen du erraustegiari buruzko eztabaida serio eta zorrotz bat antolatzea, iritzi publiko gipuzkoarrak gai honi buruzko iritzi osatu bat izan dezan. EITB-k herritarren eskaera kontuan hartu eta eztabaida hau antolatu behar lukeela dio.

IPAR HAIZEAREN GALDERA

"Alde eta aurka dauden adituen arteko Zubietako erraustegiaren eraginei buruz EITBk eztabaida publikoa ematea babestuko zenukete?".

"Kaixo, errauskailu proiektu berriaren aurrean eta proiektu hau sustatzen ari diren ordezkari politikoek herritarren artean hazten doan kezka aintzakotzat hartzeko borondate ezaren aurrean, Zubietako errauskailuari buruzko adituen arteko eztabaida publikoa egitea eskatzen dugu. Bertan bi aldeak ordezkatuak egotea eskatzen dugu: errauskailuaren aldeko eta kontrakoak. Bi jarrerak kontrastatuko dituen eta telebistak emango duen eztabaida izatea nahi dugu".

XABIER OLANO (EHBildu): "Beharrezkoa da erraustegiari eta haren ondorioei buruzko eztabaida serio eta zorrotz bat"

"Euskal telebista publikoak erraustegiaren proiektu berriari buruzko eztabaida serio eta zorrotz bat ematearen alde nago guztiz. Eremu ezberdinetako adituek beren ikuspuntua azaltzea oso beharrezkoa iruditzen zait; adibidez, erraustegiek zer eragin duten gure osasunean, zer ondorio ingurumenean, bere kutsadura maila, zenbat diru publiko kostatzen zaigun, zer negozio egiten duten konpainia pribatu handiek...

Jarrera ezberdinak egiaztatuko dituen eztabaida garden batek gai honi buruko ikuspuntu osatu bat izateko nahiko elementu izatea ahalbidetuko lioke iritzi publiko gipuzkoarrari. Aurkakoa, hau da, gure osasun eta diru publikoari eragiten dion zerbaiti buruz publikoki eztabaidatzearen aurka jartzea ulertezina iruditzen zaigu.

Nola ukatu dezakete alderdi eta politikariek erraustegi bat eraikitzearen ondorioei buruz herritarrek informazio egiazko, aditu eta egiaztatua izatea? Zer dute ezkutatzeko? Ordezkari politikoek ezin diote iritzi publikoari eztabaida ostu bere proiektuak inposatzeko. Euskal telebista publikoak herritarren eskaera hau aintzakotzat hartu eta honi buruz eztabaida bat antolatu behar lukeela uste dut".

MARKEL OLANO (EAJ-PNV): "Zubietako Ingurumen Gunea Gipuzkoako hondakinei buruzko eztabaidaren konponbidea da"

Urte luzez Gipuzkoan hondakinen kudeakeari buruz egon den eztabaida sakonaren emaitza da hain zuzen Gipuzkoako Ingurumen Gunea. Gipuzkoako gizarteak behin eta berriz eskatu du gai hau konpontzea.

Arazo honi irtenbidea ematea hitz eman genuen. Gure gobernu programaren konpromiso nagusietako bat zen, hauteskundeen emaitzen ondorioz, gehiengoaren babesa duena.

Jarritako konfiantzagatik eta hitz emandakoa betez, Europako hondakinen tratamendu azpiegitura abangoardista, seguru eta garbienetako bat izango du gure herrialdeak. Hiritar guztien esku jendaurrean ikusgai daude proiektu honen obren, kostu, funtzionamendu eta bere eraginen inguruko azterketen xehetasunak.

Kontraste publikora eta eztabaidarako gonbita beti ongietorria izaten dela ez izan zalantzarik. Etorkizunak aurrean jartzen dizkigun erronkak eta erantzunak definitu behar dituen ariketa beharrezkoa da eztabaida. Gure herrialdearen etorkizuna batera eraikitzeko eztabaidaren partaide egiten dut gizarte gipuzkoarra.

Ordezkari publiko gisa, gardentasuna eta errespetu maximoa zor diogu hiritargoari, bai gure erabakiak  helarazterako unean baita haien kezkez berri ematerakoan ere. Edozein kasutan, EITBk eztabaida publikoa ematearen aldeko babes eskaeraren aurrean, iniziatiba komunikazio erakundearen mende dago.