Erraustegiak airearen kalitatean izan dezakeen eragina neurtzeko estazioak jarriko dituzte Aldundiak eta Jaurlaritzak

Noaua Aldizkaria 2017ko aza. 28a, 14:00

Estazio finko bana Zubietan, Usurbilen, Lasarte-Orian eta Andoainen. Erraustegia abiatzen denean inguruko udalerrietako aire kalitatea neurtzea izango dute helburu, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak jarriko dituzten estazio finkook. Lehenago, datozen hiru hilabeteotan Lasarte-Orian estazio mugikor bat jarriko dute. Astearte honetan aurkeztu dute Foru Aldundiko ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensiok eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Saileko arduradun Elena Morenok. Ebaluazio kanpaina bat egin asmo dute estazio honekin, Zubieta gainean hondakinak tratatzeko eraikitzen ari diren azpiegituren lehen fasea abiatu aurretik.

"Lasarten ezarri den estazioaren bidez airearen kalitatea neurtuko da eta, horrela, jakin ahal izango da zeintzuk diren airean dauden gas eta partikulen mailak, kontrol egokia eta gardena bermatzeko, eta etorkizunean maila jakin bat ez gainditzeko. Neurketak denbora errealean egingo dira eta, horrela, egungo kutsadura mailak ezagutu ahal izango dira", berri eman dute Gipuzkoako Foru Aldunditik.

Zehaztu dutenez, Lasarteko estazioak "PM10 partikulak, sufre dioxidoa (SO2), ozonoa, nitrogeno oxidoak (NOx), eta karbono monoxidoa (CO). Neurketak denbora errealean egingo dira. Estazioa kutsatzaileen kontzentrazioa neurtzen duten analizagailu edo monitorez hornituta dago. Gailu horiek airearen laginak hartzen eta aztertzen dituzte etengabe, 10 segundotik ordu laurdenera arteko tarteetan, aztertu beharreko kutsatzailearen arabera. Datu horiek gorde, egiaztatu, eta ondoren argitaratu egiten dira".

Behin betiko estazioak jarri arte, hiru hilabeteko kanpaina hau errepikatzekotan dira aurrerago, "eskuratzen diren datuak behar bezain esanguratsuak izan daitezen, baldintza meteorologiko desberdinetan".

Erraustegia martxan jartzean, Lasarteko estazio mugikor hau beste finko batek ordezkatuko du. Estazio finko bana kokatuko dute baita aipatu moduan, Andoainen, Zubietan eta Usurbilen. "Estazio horiek guztiak Euskal Autonomia Erkidegoko Airearen Kalitatea Zaindu eta  Kontrolatzeko Sarean sartuko dira, etengabe neurtuko dituzte kutsatzaileak, eta emaitzak herritarren eskura egongo dira denbora errealean. Gailu horrek etengabe bermatuko du airearen kalitatea Ingurumen Gunea abian dagoen bitartean", iragarri dute.

Irudia: gipuzkoa.eus