Udal gobernu taldetik astearteko osoko bilkuran iragarri zutenez, amaitu dituzte hilerri berriko Errautsen Parkea egokitzeko lanak. Gogoan izan, hilerri zaharreko eta etorkizuneko usurbildarrak modu anonimoan uztea ahalbidetuko du gune berri honek. Bertan gainera hileta zibilak era irekian egiteko aukera izango da. 120.000 euro bideratu ditu Udalak lanotara. “Hilerri zaharra hustutzen aritu da azken hilabeteetan Udala. Ez da erraza izan prozesua. Nahi baino mantsoago joan da. Ia 800 gorpu zeuden lurperatuta, eta Udala senide guztiekin jarri da harremanetan banan bana, gorpuak atera zitzaten eskatuz. 240 gorpu atera dituzte senitartekoek. Oraindik, ordea, 500 gorpu inguru daude hilerri zaharrean, eta hilotz horiek Udalaren gain gelditu dira, familiartekoek eskatu ez dituztenak, hain zuzen ere. Hilotz horiek erraustu egingo dituzte, eta ondoren Errautsen Parkean utziko dituzte, modu anonimoan. Edozein kasu, erabilera ez da horretara mugatuko. Izan ere, aurrerantzean gorpuak erraustu eta errautsak han, modu anonimoan, zabaldu nahi dituzten usurbildarrek ere erabili ahal izango dute gune hori. Bestalde, kolunbarioetan dauden errautsak, behin 10 urteko epea amaituta, han utziko dira ere", argitu dute Udaletik.
Errautsen Parkeko lanak bukatuta, gune berria inauguratzera doaz. Abenduaren 16an finkatu du inaugurazio ekitaldia Udalak, eguerdiko 13:00ean. "Herritarrei gerturatzeko deia luzatu nahi die Udalak. Toki atsegina eta polita geratu da, eta herritarrei tokiaz gozatzeko aukera eman nahi die. Ekitaldiaren ostean mokadu txiki bat egiteko aukera izango da", adierazi dute Udaletik.
Gunea egun horretan inauguratuko den arren, Udaletik argitu dutenez, "oraindik ez dago egongo erabilgarri" gutxienik 2018. urte hasierara arte. Gune berri hau eraikitzeak 2007az geroztik Udalak indarrean zuen hilerriaren erregimen eta funtzionamendu araudia aldatzea ekarri du. Araudi aldaketa hasieraz onartu zuen udalbatzak gehiengo osoz atzoko osoko bilkuran, EHBildu eta PSEren aldeko bozkekin. EAJ-ren udal ordezkariak abstenitu ziren. Ordenantza aldatua jendaurrean jarriko dute 30 egunez, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita. Tarte horretan erreklamaziorik aurkeztuko ez balitz, ordenantza aldaketa hau behin betiko onartutzat joko da.
Hileta zibilak egiteko aukera
Araudi aldaketa aipatu moduan, Errautsen Parkea sortzeak eragin du, hilerri berriaren handitzea ekarri baitu. Baina azken aldian hobekuntza gehiago ere onartu ditu Udalak. Tasak egokitzeaz gain, hileta edo omenaldi zibilak egiteko 2010ean onarturiko ordenantza ere egokitu beharra ikusi du Usurbilgo Udalak. Hainbat hobekuntza txertatzea erabaki du. Hileta edo omenaldi zibilak gune gehiagotan eta ordutegi zabalagoan antolatzeko hobekuntzak hain zuzen. Orain arte hilerri berriko tanatorioan edota itxiturekin Askatasuna plazan antolatu zitezkeen hileta zibilak. Aurrerantzean baita Sutegiko auditorioan eta Errautsen Parkean ere, astelehenetik larunbatera, goiz (11:00-13:00) edota arratsaldez (18:00-20:00). Aipatu udal ordenantza hau hasieraz aldatzea onartu zuen aho batez udalbatzak, urriaren 31ko osoko bilkuran. Erabakia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita alegazioak aurkezteko 30 eguneko epea ireki zuten. Tarte horretan erreklamaziorik egongo ez balitz, ordenantzaren aldaketa behin betiko onartutzat joko da.
Hobekuntza guztiok araudi aldaketa honekin borobilduko direla berri eman zuen udal gobernu taldeak, astearteko osoko bilkuran.
Irudiak: Usurbilgo Udala.