Urte garai honetan egokitzen dena; hotzaldia eta negu giroa datorkigu egunotan. Ekaitz giroa eta elurra. Elurra nahiko behean egingo omen du gainera. Abisu horia aktibatu du jada Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak barnealdean. 1000-1100 metrotik 500 metrora jaitsi daiteke elur maila datozen orduotan. "Ekaitz-guneetan eta ekialdean noizbehinka baliteke 500 m-ra jaistea. Zaparrada txiki-ertainak botako ditu, bereziki kantauri isurialdean. Trumoi-ekaitzak izan daitezke eta txingorra bota dezake kantauri isurialdean", ohartarazi du Euskalmet euskal meteorologia agentziak.
Ostegun osoan abisu horiak indarreak segiko du elurragatik, goizaldean 500-700 metrotan zuritu dezake, gero 700-900 metrotik gora. "Zaparrada txikiak botako ditu, kantauri isurialdeko zenbait lekutan eta noizbehinka ertainak, sarriago eta ugariago egunaren bigarren partean", iragarri dute.
Bi egunotan beraz, 562 metroko garaiera duen Andatza gaina zuritu dezake elurrak. Ostiralean zuritzeko probabilitatea askoz handiagoa izango da. Giroa nabarmen okertuko baita etzi. Elurragatik alerta laranja aktibatuko du Segurtasun Sailak barnealdean ostegun gauerdian, eta indarrean izango da gutxienik ostiral osoan zehar. Eta adi, ostiral goizaldean elurra egin dezake 500-700 metro artean, baina gainerako orduetan 200-400 metrotik gora zurituko omen du. "Zaparrada txiki-ertainak botako ditu, sarriago eta ugariago kantauri isurialdean. Trumoi-ekaitzak izango dira eta txingorra botako du, bereziki kantauri isurialdean". Beraz, Andatza gaina soilik ez, beherago ere zuritu dezake abenduaren 1ean, baita abenduaren 2an lehen orduetan ere.
Prezipitazio iraunkorragatik abisu horian izango gara gainera, ostiralean egun osoz. "Kantauri isurialdeko zenbait lekutan 60 l/m² baino gehiago pila daiteke. Zaparrada txiki-ertainak botako ditu; zaparradak sarri botako ditu eta prezipitazioa oso ugaria izango da. Trumoi-ekaitzak izango dira eta txingorra botako du", iragarri du Euskalmet-ek.
Larunbat arratsaldetik egoerak pixkanaka hoberantz egitea espero da.
EGUNOTARAKO IRAGARPENEA
Azaroak 29, asteazkena
"Hoztu egingo du eta tarteka zaparradak botako ditu. Zaparradak sarriago eta ugariago botako ditu kantauri isurialdean eta eguneko erdiko orduetan; gainera ez da baztertzen trumoiak jo eta txingorra egitea. Elur-kota 1100 m inguruan egongo da hasieran, baina arratsaldean eta gauean 600-800 m-ra jaitsiko da; hala ere, ekaitz-guneetan eta ekialdean baliteke 500 m-ra jaistea. Iparraldeko haizea fina ibiliko da eta tenperatura nabarmen jaitsiko da".
Azaroak 30, osteguna
"Giro hotzarekin eta zaparradekin jarraituko dugu. Sarriago botako ditu eta ugariagoak izango dira ipar isurialdean eta egunaren bigarren partean. Elur-kota goizeko lehen orduetan 500-700 m-ra egongo da eta gainerako orduetan 700-900 m-ra. Ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da, tarteka zakar samar, bolada oso gogorrekin haizeguneetan. Tenperaturan ez da gorabehera handirik izango eta balio altuenak 5 eta 10 ºC artekoak izango dira".
Abenduak 1, ostirala
"Ostiralean negu giro gordina. Zerua oso hodeitsu egongo da eta zaparrada mardulak botako ditu; gainera, tarteka trumoiak jo eta txingorra botako du, bereziki ipar isurialdean. Elur-kota goizaldean 500-600 m-ra egongo da, baina gainerako orduetan 200-400 m-ra. Iparraldeko haizea bizi ibiliko da, bolada gogorrekin kostaldean eta mendi inguruetan. Tenperatura are gehiago jaitsiko da: maximoak barnealdean 3-6 ºC artekoak izango dira eta 7-9 ºC artekoak kostaldean. Barnealdeko hainbat lekutan izotza egingo du, eta mendi inguruetan handia".
Informazio eguneratua: euskalmet.eus