Heldu dira NOAUA!ra, Errigoraren otarrak

Noaua Aldizkaria 2017ko aza. 29a, 10:38

Asteazken arratsalde honetan heldu dira gure artera, udazkeneko Errigoraren "Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka" kanpainaren baitan azaroaren 14ra bitarte eskatu zenituzten otarrak. Ostegun eta ostiral honetan, hau da, azaroaren 30ean eta abenduaren 1ean banatuko ditugu. Otarren bila zatoztenean egin beharko dira ordainketak.

Etumeta AEK euskaltegian, Udarregi Ikastolan edota NOAUA!ren egoitzan bideratu zitezkeen eskaerak. NOAUA!n 20 kutxa zuri eta 16 beltz eskatu dituzue. Internet bidez kutxa zuri bat eta zortzi beltz. Euskal Herri mailan arrakastatsua izan da kanpaina, guztira 14.000 saski eskatu dira eta guztion elkartasunari esker, 175.000 euro bideratuko dira Nafarroa hegoaldeko euskagintzara.

"Berriro ere egin dugu eta bosgarrenez. Ez, ez da kasualitatea, 14.000 saski ez dira berez egiten, ez da berez eskatzen, ez dira berez banatzen. Euskalgintzari ez zaizkio 175.000 euro jausten... Ez da kasualitatea izan, herri lana izan da, herri langileak izan gara. Bai, herri langileak. Herriz herri Errigoraren sarea osatzen dugun boluntario nekaezinak", euskal herrien arteko zubiak eraikitzen ari diren bolondresak.

Gogoan izan, bi produktu kutxa izan dira aukeran; zuria eta beltza. Zuriak berrikuntzak dakartza, beltzak orain arteko produktuak:

-Kutxa zuria: orburuak, zainzuriak, pikillo piperrak, ardoa, ozpina, melokotoia almibarrean, pasta, arroza, pikillo piper mamia, patxaran pastak, molineritoak, tomatea olioarekin eta teilak.

-Kutxa beltza: orburuak, zainzuriak, pikillo piperrak, ardoa, ozpina, melokotoia almibarrean, potxak, aran marmelada, mahats zukua, almendrak, oliba olioa, pikillo saltsa, kardoa.

Prezioa: 50 euro.

Informazio gehiago eta irudiak: errigora.eus

%25a euskalgintzara

Irabazien %25a Nafarroa hegoaldeko euskalgintzara bideratuko dute. “Lodosa, Tutera eta Vianako ikastolen biziraupenerako, Erriberako AEK indartzeko eta D ereduko lerroak babesteko eta zabaltzeko dinamikak biderkatzeko”.

Baita helburu gehiago betetzeko ere: “Errigorago joateko amets berriak marrazten hasi ginen euskararentzako ere. Euskaldunak sortzeaz gain euskaraz bizitzeko espazioak irabazteko egitasmoak, euskara plazaratzeko eta jarrera baikorrak areagotzeko ekimenak eta euskaltzaleok batera aritu eta harremanak sendotzeko ohiturak abiatzeaz ari ginen. Ideia mamituz doa baina zubiak marraztu behara eskatzen du oraindik. Horretarako ere izango da aurtengo diru-ekarpena”.

Zubi berriak eraikitzen segi asmoz abiatu du ikasturte berria Errigora ekimenak, Nafarroa hegoaldeko tokiko produktuen ekoizpena eta euskalgintza sustatzen duen egitasmoak. “Ikasturte osoan zehar hartuko dugu patxada eta astia Errigoragile eta Errigorazaleon artean hausnartu eta erabakiak hartzeko. Errigorago joateko amets berri haiek errealitate bihurtzeko ze zubi behar ditugun hausnartu eta marrazteko. Hortik etorriko dira Errigora bera, elkarlan eta erantzukizun konpartituak, erronken neurri eta denborak… berrasmatu eta egokitzeak”, berri eman dute.