Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Egunari lotuta, indarkeria maxistaren aurkako bi adierazpen onartu zituen udalbatzak, astearteko osoko ohiko bilkuran. Batetik PSE-k aurkezturikoa, EUDEL-ek (Euskadiko Udalen Elkarteak) onartua duena aurkeztu zuen. EHBilduk ere gai honi lotutako adierazpena aurkeztu zuen. Udal gobernu taldetik zioten moduan, bi testuak elkarren osagarriak direnez, biak aho batez onartu zituen udalbatzak.
Neurri estrukturalen aldeko apustua
PSE-k aurkezturiko adierazpenak, indarkeriak eragindako emakume biktimekiko erreparazio-eskubidearen aitortza eta horri buruzko hausnarketa egiteko konpromisoa hartzen du; konpromisoa baita "udaletan plan eta neurri estrukturalak hedatzen eta hobetzen jarraitzeko, indarkeria matxistari aurre egitea xede, emakumeen kolektiboekin eta kolektibo feministekin batera, bai halaber gizarte zibilarekin eta herritarrekin oro har". Konpromisoa, "gizartean aldaketa estrukturala bultzatzeko" eta "gure ardura, indar politiko guztien eta erakundeen adostasunaren bitartez, beharrezkoak diren baliabideak eskura izan daitezen, xedea izanik emakumeen aurkako indarkeria gure gizartetik desagerrarazten aurrera egitea".
Borroka feministaren aldeko konpromisoa
EHBilduk aurkezturikoak borroka feministaren alde hartutako konpromisoa berresten du, azaroaren 25eko mobilizazioekin bat egin eta herritarrak hitzorduotan parte hartzeko gonbita luzatzeaz gain. Adierazpenak "Emakumeen Mundu Martxak bultzatutako indarkeria matxistari aurre egiteko protokoloa bere egiten du". "Indarkeria matxista" adiera erabiliko dela iragartzen dute. Indarkeria matxistei aurre egiteko udal planerako eta 2018ko aurrekontuak definitzerakoan berdintasun-unitateentzako beharrezko baliabide ekonomiko eta tekniko guztiak emango zaizkiela. Foru Aldundiari eta Emakunderi eremu honetako aurrekontu partidak gehitzea eskatzen diete, "berdintasun-zuzendaritzak sendotzeko, epaitegietako genero-unitateak indartzeko eta indarreko legeria berraztertzeko konpromisoa hartzeko". Hezkuntzako agenteei, "curriculum-lerroetan genero-berdintasuna sar dezaten" eskatzen zaie.
DATOZEN DEIALDIAK
Azaroak 30, osteguna
18:00 Kafe-tertulia Potxoenean: “Ni ere izan nintzen nerabe”.
“Harremonak taldeak tratu onak lantzeko solasaldia eskainiko digu. Bereziki guraso eta irakasleei zuzenduta”.
Antolatzailea: Usurbilgo Udaleko Parekidetasun Saila.
Abenduak 13, asteazkena
18:00 "Berdintasuna Erein” saioa Potxoenean:
Usurbilen berdintasunaren gaia eremu ezberdinetan nola ikusten dugun adierazi, iritzia eman, zalantzak argitu eta ekarpenak egiteko aukera izango da. Herritar nahiz eragileei zuzenduriko bilera irekia izango da. Deitzaileek nabarmentzen dutenez, Udalak onartua duen Berdintasun Planak aurreikusitakoa betetzera doaz; berdintasunaz iritzi, ekarpen trukaketarako herritar eta eragileen gune bat sortzera alegia.
Deitzailea: Usurbilgo Udaleko Parekidetasun Saila.