Batetik aurreko urriko osoko bilkuran mahai gainean utzitako 2017-2020 epealdiko plan ekonomiko-finantzarioa onartu zuen udalbatzak, astearteko plenoan. Horrekin batera, Zumarte Musika Eskola kokatua dagoen Rezustaenea eremuko Hiri Antolamenduko Arau Subsidiarioetako SGERC-2 Sistema Orokorraren Antolamendu Xehatuaren aldaketa behin betiko onartu zuten.
2017-2020 urte arterako plan finantziero-ekonomikoa
Kontu-hartzailearen txostena, alkatearen memoria eta 2017-2020 epealdiko aurrekontu eszenarioa biltzen dituen 2017-2020 epealdiko plan ekonomiko-finantzarioa onartu zuen udalbatzak gehiengo osoz astearteko osoko ohiko bilkuran, EHBilduko udal ordezkarien aldeko bozkekin. EAJ eta PSE abstenitu ziren.
Gogoan izan, ekainaren 27ko osoko bilkuran 2 milioi euroko kreditu aldaketa onartu zuen udalbatzak proiektu honen gastuei aurre egin ahal izateko. Kreditu hau mailegu baten bidez finantzatzea erabaki zuten. Urriaren 31ko osoko bilkuran 2 milioi euroko kreditu eragiketa Kutxabank entitatearekin egitea erabaki zuen udalbatzak gehiengo osoz, EHBildu eta PSE-ren aldeko bozkekin. EAJ abstenitu zen.
Mailegu eskaera honek bigarren erabaki bat hartzea behartu du Udala. Maileguak eragindako zorpetzeak Udalak azken urteotan egin beharrik ez zuen 2017-2020 urtera arteko plan ekonomiko-finantzieroa lantzea ekarri du. Ekainaren 27ko osoko bilkuran kreditu aldaketa onartu zuen udalbatzak eta plan finantzario hau lantzeko prozedura abiatu. Plan hauxe eraman zuen udal gobernu taldeak urriaren 31n egin zuten osoko bilkurara. Baina aho batez mahai gainean uztea erabaki zuten, ahalik eta proiektu honen tutoretza duen Aldundiaren baiezko formala jaso arte, udal gobernu taldetik aditzera eman dutenez. Atzoko osoko bilkuran onartu zuten aipatu plana.
"Planak bermatu behar du aurrekontu egonkortasunaren helburua/gastuaren araua jarduneko ekitaldian edota hurrengoan betetzen dela". Gobernu taldetik zentzu horretan arazorik ez dagoela, egonkortasunaren helburua eta gastuaren araua betetzen direla nabarmentzen dute. Zorpetzearekin arazorik ez dagoela, legeak baimendutakoaren oso azpitik duelako Udalak zorpetze maila. Urte hau amaitzerako 2017an bertan beteko dituztela helburuok.
Rezustaenea
Zumarteren handitze eta berritzeari dagokion bigarren erabakia, hirigintza eremukoa da. Musika eskola kokatua dagoen Rezustaenea eremuko Hiri Antolamenduko Arau Subsidiarioetako SGERC-2 Sistema Orokorraren Antolamendu Xehatuaren aldaketa behin betiko onartu zuen udalbatzak aho batez, atzoko osoko ohiko bilkuran.
Finkatua zegoen apearen baitan, inork erreklamaziorik aurkeztu ez ostean hartu du udalbatzak behin betiko erabakia. Erabaki honen xedea, "Zumarte Musika Eskola eraikinaren eraikigarritasun fisikoa handitzea da eta lerrokadurak egokitzea egungo erabilerak beharrezkoak dituen baldintzetara egokitzeko".
Hartu duten erabakia, Foru Aldundira helaraziko dute, "bertako hirigintzako plangintzaren erregistro administratiboan gorde dadin". Horren berri Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO) eta ohiko egunkarietan emango du Udalak, GAO-n iragarkia argitaratzearekin batera.