Euskararen erabilera sustatzeko, auzolanerako konpromisoa

Noaua Aldizkaria 2017ko aza. 29a, 13:15

Ez zegoen gai zerrendan aurreikusia baina aho batez erabaki zuten abenduaren 3ko Euskararen Egunari begirako EHBilduk ekarritako adierazpena aurkeztu eta bozkatzea. Aho batez onartu zuen udal ordezkariek, asteartean egin zuten osoko ohiko bilkuran.

Euskara auzolana delako, hurrengo 365 egunotan auzolanean aritzeko konpromisoa bere egiten du adierazpenak. Hizkuntza ohiturak aldatzeko bide luzean, euskararen aldeko gehiengo soziala aktibatzea beharrezkoa ikusten du; "euskararen lurralde guztietako administrazioak zein herri ekimena. Lurralde eta eremu guztietako erakundeak. Gizarte ekimeneko euskalgintzako taldeak zein bestelako esparruetakoak. Euskaldun osoak, euskaldun hartzaileak eta erdaldunak".

Adierazpenak gaineratzen duenez, "une aproposa da administrazioek eta herri ekimenak auzolanean bide berriak zabaldu, eta gehiengo soziala euskararen alde egotetik euskararen alde egitera eramateko. Euskara erabiltzera eramateko". Adierazpenak dioenez, "malgutasunez. Herri bakoitzaren errealitatera egokituz. Tokiko eragileekin urratsak adostuz. Parte hartzaile guztiak ahaldunduz".

Etorkizunerako erronka argia marrazten du adierazpenak: "Orain, eta hemendik aurrerako urteetan, euskararen erabilera etengabe eta bizi-bizi areagotzea dugu langintza nagusi, ezagutzaren handitzearekin batera euskararen aldeko hizkuntza ohituren aldaketa sakona gauzatu dadin. Mingainak dantzan jartzeko premia dugu, eta, bistan denez, mundu aldakor honetan, kantu eta kontu berriak behar ditugu horretarako".