Astearteko udalbatzaren osoko bilkura amaitzear zela, galdera-eskaeren tartean, galdera sorta luzatu zion EAJ udal taldeak udal gobernu taldeari, hainbat usurbildarrek berriki bizi izandako gastroenteritis broteaz. Gai honi buruzko argibideak eskatu zizkioten jeltzaleek, udal gobernu taldeak eginiko kudeaketa kritikatzearekin batera.
Hasteko epeen kudeaketaz gehiago jakin nahi izan zuten. Utzikeria egotzi zioten udal gobernu taldeari. "Utzikeria aipatu duzu. Nahiko doakoa da", adierazi zion alkateak Andoni Atxega jeltzaleari. Xabier Arregik gogorarazi zion azaroaren 12-13ko gastroenteritis brotea zerk eragin zuen, lehen zantzuen berri ez zutela izan azaroaren 16ra arte. Eta ostegun hartan bertan, lagin batzuetan, agian Erroizpeko"ura izan zitekeela" adierazi zion Osasun Sailak Usurbilgo Udalari.
Ziurtasunik gabe, baina Erroizpeko urak eragindako brotea izan zitekeela ikusita, iturriko ura ez edatea aholkatzen zuen bandoa kaleratu zuen Udalak. Erabaki hau Osasun Sailak "agindu gabe" hartu zuela gaineratu zuen alkateak atzoko osoko bilkuran, modu prebentiboan alegia. Egun hartatik herri osoa Añarbeko ura edaten ari da.
Arriskuak minimizatzea, helburua
Gai honetan informazio falta izan dutela adierazi zuten jeltzaleek, gaiak udal ordezkarien arteko bilera monografikoa eskatzen zuela eta informazioa hedabideei haiei baino lehenago ematea egotzi zioten udal gobernu taldeari.
Udal gobernu taldetik erantzun argia eman zioten, "gu ez gaude jendearen osasunarekin jolasteko". Gai honekin bizitakoak egun zailak izan direla eta egoera ahalik eta txukunen kudeatzen ahalegindu direla nabarmendu zuten. Helburu argi batekin lan egin dutela; arrisku guztiak minimizatzeko asmoz.
Informazioa eskatu zaienean, erreparorik gabe informatzeko prestasun osoa izan dutela nabarmendu zuten. Hedabideetan izan duten presentzia jarri zuten adibide gisara. Halere, "harremanetan egon garenean" eta informazioa eskatu aurretik halako balorazioak egitea ulergaitza egiten zitzaiela adierazi zieten udal gobernu taldeko kideek EAJ-ko ordezkariei.
Arrazoia argitzeke
Ura zerk kutsatu duen ere galdetu zioten jeltzaleek EHBilduko ordezkariei. "Ez dakigu. Ez da batere erraza detektatzen", erantzun zioten udal gobernu taldetik.
Unea udalerri honetan ura nondik edaten den argitzeko baliatu zuen EHBilduk. Zubietako Kaxkoan, Kalezarren, Txikierdin eta Arratzain inguruetan izan ezik, ohiko egoeran udalerri honek Erroizpetik edaten duela ura. Brotea azaleratu zen egunetan herritarrak Erroizpeko ura ari zirela edaten udalerrian.
Uren kontrola nork kudeatzen duen galdetu zuen EAJ-k; Añarbetik datorren ura Añarbe Urak-ek. Erroizpekoa Udalak. Kontrolak egunerokoak direla adierazi zuten. Baina bigarren kontrol bat ere badute EAE-ko ur guztiek; Osasun Sailak edo Jaurlaritzako sail honek esleituta beste entitate batek egin dituenak. Usurbilgo ur guztien kasuan, Añarbek du bigarren kontrol lanon erantzukizuna.
Aurreko egunetan adierazi bezala, gertatu dena arazo puntuala izan da, "Ezohiko egoera baten aurrean gaude" nabarmendu zuten udal gobernu taldetik.