Greba deialdiaren jarraipena erabatekoa izaten ari da Aginagako eta Zubietako eskoletan

Noaua Aldizkaria 2017ko aza. 30a, 12:14

Haurreskolak Partzuergoko hezitzaile eta langileek egin zuten greba lehenbizi, sukaldari eta garbitzaileek segidan, Heziketa Bereziko Hezitzaileek ere bai, eta ostegun honetan, irakasleen txanda izaten ari da. Greba eguna dute azaroaren 30a hau unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko hezitzaileek. Greba deialdi honen jarraipena erabatekoa izaten ari da Zubietako eta Aginagako eskoletan. Ondoko argazkietan ikusi dezakezuen moduan, ikasgelak hutsik daude gaurkoan. Ikaslerik ez, ezta hezitzailerik ere gaurkoan lanean. Sindikatuen arabera, %70eko jarraipena izaten ari da greba deialdia. Eusko Jaurlaritzaren arabera, %49koa babesa izaten ari da.

Irakasleen lan baldintzak hobetzearen aldeko greba eguna da gaurkoa. Ostegun eguerdi honetarako manifestazioak deitu dituzte LAB, ELA eta Steilas sindikatuek Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hiriburuetan, "Lan baldintzak hobetu, hezkuntza eraiki!" aldarripean.

Mobilizazio urte hau, EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan egingo duten greba orokor batekin borobilduko dute abenduaren 12an. Grebarako deia asteazkenean erregistratu zuten LAB, ELA eta STEILAS sindikatuek Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen ordezkaritzan.

Benetako negoziazio prozesu baten esce

Greba eta mobilizazio hainbat egin zituzten aurreko ikasturtean unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko ikastetxe, langile, guraso eta ikasleek, "azken urteetan pairatzen ari garen egoera larria salatu asmoz eta egoerari buelta emateko ezinbestekotzat jotzen ditugun neurriak plazaratu asmoz", sindikatuen esanetan. Aldiz, Eusko Jaurlaritzak, gaurkoz "sektore ezberdinetako Negoziazio Mahaiak deitzeko ariketa formala egin duen arren, egoera larri honi buelta emateko inolako neurri zehatzik ez du ezarri mahai gainean". 

Sektore honetatik eginiko aldarrikapen eta proposamenen inguruko benetako prozesua abiatzea eskatzen dute. Gaurkoz halakorik ez dagoenez, "uste dugu ikasturte honen hasieran ere, Hezkuntza Sailak greba eta mobilizazio dinamika mantentzea beste biderik ez digula uzten".

LAB, ELA eta STEILAS sindikatuon ustez ondorengoak dira egungo egoerari irtenbidea ematen hasteko adostu beharrezko neurriak:

-Hezkuntza inbertsioa handitzea (gutxienez Europar Batasuneko bataz-bestekoa, progresiboki %6ra iritsiz).

-Plantilak gutxienez 2.000 langiletan handitzeko beharra.

-Bataz-besteko ia %40ko behin-behinekotasuna (%38 irakasleetan, %41 Haurreskoletan, %58 Heziketa Berezian eta %63 Sukalde eta Garbiketan), %6ra murrizteko premia. Horretarako 6.000tik gora lanpostu egonkortuz kolektibo ezberdinetan.

-Ikasle-ratioak %10 murriztea.

-Hezkuntzako langileen eroste ahalmena berreskuratzea.

-Ordezkapenak lehen egunetik egitea.

-Bajak lehen egunetik bere osotasunean ordaintzea.

-Erretiroa erraztu eta laguntzeko neurriak berreskuratzea.

-LOMCE Euskal Herriko gure ikastetxeetatik ateratzea eta honen moldaketa hutsa den Heziberri bertan behera uztea.

-Hezkuntzaren merkantilizazioa alde batera uztea, egungo desorekak gaindituz hezkuntza garapen pertsonal eta sozial integralerako tresna izan dadin (kohesio soziala, integrazioa, aniztasuna, berdintasuna, hezkidetza oinarri).

-Ikasle euskaldun eleaniztunak sortuko dituen euskarazko murgiltze eredua garatzea.

-Balizko Hezkuntza legearen aurrean sindikatu, hezkuntza eragile eta herritarron parte hartzea eta iritzia aintzakotzat hartzea.

 

Zubietako eskola

Aginagako eskola