Espainiako Gobernuko Barne Ministro Juan Ignacio Zoidok lehen lerrora ekarri du berriz, Zubietako makrokartzelaren gaia. Zehazkiago esanda, bere adierazpenek. Zubietako makrokartzela eraikitzen amaitu aurretik itxi dezakete Martutenekoa eta honenbestez lur eremu horretan Donostia hazi eta garatzeko tokia utzi. Horixe adierazi zion Zoidok asteazken honetako Espainiako Gobernuaren Diputatuen Kongresuko kontrol saioan, EAJ-ren diputatu Mikel Legardak Martuteneko zentroaren inguruan dituzten aurreikuspenen inguruan eginiko galderari erantzunez.
Datozen egunotan, gai honetan aurrerapausoak emateko espetxe ekipamendu eta azpiegituren sozietateko lehendakaria Donostiako alkate Eneko Goiarekin biltzekoa dela iragarri du barne ministroak. EAJ-ko diputatuak esandakoarekin bat eginez, ezinbestekotzat jo du egoera argitzea, Martuteneko espetxea itxi, bertako espazioa libre utzi eta hiriburua Martutene aldean garatu ahal izateko. Hori guztia, Zubietako makrokartzelako eraikitze lanak amaitu gabe egin daitekeela dio Zoidok.
Zubietako makrokartzela beharrezkoa ote den zalantzan jarri dezakete adierazpenok. Zoidok kontrakoa dio. "Beharrezkoa da. Zergatik? Martuteneko espetxea oso zaharkitua dagoelako, gabezia asko ditu eta ez da zentzuzkoa XXI. mendean, presoak dauden espetxearen arabera, XXI. mendeko instalakuntzez gozatu ahal izatea edo Espainian dugun zentro zaharrena den Martutenekoa bezalako kartzela baten gabeziak jasan beharra izatea".
EAJ-ko diputatuak esandakoarekin bat egin du barne ministroak. Alegia, Martuteneko espetxearen berehalako itxiera defendatzen dute, eragin larria suposatzen duelako bertako langile eta presoentzat. Legardaren esanetan, Martuteneko espetxea Espainiako zaharrenetarikoa da eta gabezia funtzional eta egiturazko larriak ditu. Espetxea txikia, zaharkitua eta hondoratua geratu da, uholde arriskua saihesteko berritua izan den auzune batean.
Espetxeen kudeaketarako eskumena euskal erakundeen esku uzteko eskaera ere egin zion Legardak barne ministroari. Zoidok gai honen inguruan ez zion erantzun, asteazkeneko Kongresuko saioan.
Hamabi urte
2005ean Espainiako Gobernuko Barne Ministerioak eta Donostiako Udalak Zubietako makrokartzela eraikitzeko protokoloa sinatu zuten. 2011n bi aldeek hitzarmen berri bat sinatu zuten baina Zoidok asteazkenean aitortu zuenez, arazoak sortu dira bai lurzoruan baita Zubieta gainean erraustegitik gertu kokatzea aurreikusten duten proiektuan ere. Gogorarazi duenez, ezponda eraikitzeko plana esleitu berri dute. Horren gainean eraiki asmo dute Zubietako makrokartzela.