Hitzorduz gainezka datorkigu urte amaiera

Noaua Aldizkaria 2017ko aza. 30a, 08:09

Ekitaldiz gainezka datorkigu urte amaiera Usurbilen. Ikusi bestela, Udalak plazaratu berri duen abenduko kultur agenda. Usoa Zumetaren lanen erakusketaren irekierarekin edota Euskararen Egunari eskainitako asteburuko hitzorduekin abiatuko dugu abendua. Bigarren hamabostalditik aurrera helduko dira gabonei begirako hitzordu klasikoak. Tartean ditugu NOAUA!ren San Tomas Azoka (abenduaren 17an) edota Hitz Aho Udarregi Ikastolako guraso elkarteak antolaturiko Jostailu Erabilien Azoka. Hasi prestatzen azokarako utzi nahi dituzuen jostailuak. 

Ikastetxeen nahiz herri eragile desberdinek, gabonak kantuan eta kalejiran ospatzeko hainbat deialdi egin dira abiatzear dugun urteko azken hilabetean. Ekitaldiokin murgilduko dira opor giroan haurrak. Eta haientzat ekitaldi mordoa antolatu dute Gaztelekuak, Santueneko Auzo Elkarteak, Aginagako Antxomolantxa Elkarteak edota Usurbilgo Udalak; irteerak, Gabonetako Haur Parkea, film proiekzioak, ikuskizunak... Aspertzeko tarte handirik ez dute izango.

Izotz pista eta "Hamen bea II"

Urtero moduan, Lasterka agurtuko dugu urtea Hurbilagoren 8. San Silvestre Herri Lasterketarekin. Ez ahaztu, aurretik eman beharko da izena. Halere, Hurbilago aipatuta, nabarmendu beharra dago, aurtengo gabonetan hizpide nagusi izango dugun ekimena; izotz pista egokituko dute Askatasuna plazan!

Estreinaldi gehiago; antzezlan baten bigarren zatia. Kilometroak urtean esketx batekin abiatu, gerora antzezlanean bihurtu eta haren segida dakarkigute orain "Hamen bea II" herri antzezlaneko protagonistek. Estreinaldi mundiala, abenduaren 16an Sutegin. Sarrerak aurrez eskuratu beharko dira.

Datorkigun hitzordu eskaintza zabalean ez galtzeko, honatx Usurbilgo Udalak kaleratu berri duen abenduko kultur agenda. Papereko edizioa etxean jasoko duzue, bestela pdf formatuan deskarga dezakezue kultura.usurbil.eus atarira sartuta.