Gauerditik aurrera abisu horian euriagatik eta elurra 200 metrotan ere egin dezake

Noaua Aldizkaria 2017ko aza. 30a, 07:15

Hemen dugu negua. Urte garai honetan egokitzen dena datorkigu hurrengo orduotan. Gauerditik aurrera, prezipitazio iraunkorragatik abisu horian izango gara ostiralean egun osoz. "Kantauri isurialdeko zenbait lekutan 60 l/m² baino gehiago pila daiteke. Zaparrada txiki-ertainak botako ditu; prezipitazioa iraunkorra eta oso ugaria izango da. Trumoi-ekaitzak izango dira eta txingorra botako du", ohartarazi du Euskamet euskal meteorologia agentziak.

Gipuzkoa barnealdean alerta laranja ezarri du baita Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak elurragatik. Ostiral goizaldean 500-700 metro artean zuritu dezake, "300-400 m inguruan gainerako orduetan; ekaitz-guneetan eta ekialdean noizbehinka elur-kota beherago jaitsi daiteke". 200 metrotaraino ere bai. Beraz, mendi inguruak zurituta ikus ditzakegu bihar. 

Alerta laranjak larunbat eguerdira arte segiko du indarrean. Larunbat goizaldean 300-400 metro artean zuritu dezake, eta 400-500 metro artean bota dezake gero. Larunbat arratsaldetik aurrera atertzera egingo du.

EGUNOTARAKO IRAGARPENEA

Azaroak 30, osteguna

"Giro hotzarekin eta zaparradekin jarraituko dugu. Sarriago botako ditu eta ugariagoak izango dira ipar isurialdean eta egunaren bigarren partean. Elur-kota goizeko lehen orduetan 500-700 m-ra egongo da eta gainerako orduetan 800-900 m-ra. Ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da eta arratsaldean zakartu egingo da; gauean boladaka oso gogor joko du haizeguneetan. Tenperaturan ez da gorabehera handirik izango eta balio altuenak 5 eta 10 ºC artekoak izango dira".

Abenduak 1, ostirala

"Bihar negu beteko giroa espero dugu. Zaparradek ia ez dute etenik izango da eta litro ugari pilatuko da, batez ere kantauri isurialdean. Gainera, zaparrada mardulak botako ditu eta tarteka trumoiak jo eta txingorra botako du, bereziki ipar isurialdean. Prezipitazioaz gain, hotza ere areagotu egingo da. Goizaldean 500-700 m inguruan kokatuko da elur-kota baina gainerako orduetan 300-400 m-tik gora zurituko du; baliteke ekaitz guneetan eta lurraldearen ekialdean elur-maila pittin bat beherago egotea. Iparraldeko haizea temati ibiliko da; goizean boladaka oso gogor ibiliko da haizeguneetan. Tenperatura maximoak barnealdean 2-5 ºC artekoak izango dira eta 6-9 ºC artekoak kostaldean.".

Abenduak 2, larunbata

"Bide beretik jarraituko du eguraldiak larunbat goizean. Zaparradak botako ditu nonahi eta ipar partean trumoiak jo eta txingorra botako du goizaldean. Elur-kota 300-400 m inguruan kokatuko da. Egunaren bigarren partean ekialdetik mendebaldera atertzera egingo du eta elur-kota 400-500 m ingurura igoko da. Haizeak iparraldetik jotzen jarraituko du, zakar haizeguneetan eta tenperaturan aldaketarik ez. Barnealdeko hainbat lekutan izotza egingo du, eta mendi inguruetan handia".

Informazio eguneratua: euskalmet.eus