Usoa Zumeta Bilboko Grabatuaren Nazioarteko FIG Jaialdian egon berri da. Hara eraman zuen obra da Sutegin erakutsiko duena. Azken bi urteotan, bere estudioan egin duen lanaren emaitza. “Orain arte, erakutsi gabea”, Usoak NOAUA!ri aitortu dioenez.
Zazpi urte pasa dira bere azken erakusketa egin zuenetik. Geroztik ez dugu Usoa Zumetaren lanaz gozatzeko aukerarik izan Usurbilen.
Inaugurazioa, ostiral honetan
Ostiral honetan (abenduak 1) erakusketa berri bat inauguratuko du Sutegin, eta abenduaren 17ra arte egongo da zabalik. Azken bi urteotan egin duen lanaren erakusgarri izango da.
Usoa Zumetaren estanpazioak margolari ezberdinen koadroetan oinarritzen dira. Honakoan, JL Zumeta, Dora Salazar, Koldobika Jauregi, Nestor Basterretxea, Ainize Txopitea, Edu Lopez eta Carmelo Ortiz de Elgearen margoekin osatutako lan grafikoak topatuko ditugu.
Egileekin adostutako lanak
Usurbilgo artista grafikoak adierazi digunez, “egiten ditudan lanak aurrez egileekin adostutakoak dira. Iradokizunak egiten dizkiet baina azken hitza margolariena da beti”. Beraz, elkarlanaren emaitza dira Usoa Zumetak egiten dituen estanpazioak. Sutegin erakutsiko duen bilduma duela bi aste Bilboko Euskalduna jauregian FIG jaialdiaren baitan erakutsi zuen berbera da.
Obra osoa, salgai
Egunotan Sutegira hurbiltzen den bisitariak 22 artelan topatuko ditu aurrez aurre. Formatu ezberdineko piezak. Usoaren aitarenak izango dira handienak. Txikiak zein handiak, den denak, erosteko moduan Sutegin ipiniak. Prezioak, 120 eta 700 euroren artean.
Abenduaren 17ra arte Sutegin
Irekiera ekitaldia: abenduak 1, ostirala, 19:00etan.
Ordutegia:
Aste egunetan (abenduak 6 eta 8 barne): 17:00-20:00.
Asteburuetan: 11:30-14:00/ 17:00-20:00.