Aldaketarik ez datozen orduetan, elurra nonahi egin dezake

Noaua Aldizkaria 2017ko abe. 1a, 11:29

Datozen orduotarako aldaketarik ez. "Elurrak bazterrak zurituko ditu", hala dio Euskalmet-en iragarpenak. Gaur elurra 200 metrotik gora egitea espero zen arren, azkenean iragarpena eguneratu eta 100 metrotik gora zurituko duela iragarri du euskal meteorologia agentziak; "puntualki maila baxuagoan ere zurituko du", gainera. Honenbestez, edozein unetan edonon zuritu dezake elurrak hurrengo orduotan.

Gure inguruan abisu horian jarraituko dugu gauerdira arte, "prezipitazio iraunkorragatik. Kantauri isurialdeko zenbait lekutan 60 l/m² baino gehiago pila daiteke. Zaparrada txiki-ertainak botako ditu; prezipitazioa iraunkorra eta oso ugaria izango da. Trumoi-ekaitzak izango dira eta txingorra botako du". Barnealdean berriz alerta laranja izango dute indarrean elurragatik, larunbat arratsaldeko 15:00ak arte. Gero 15:00etatik gauerdira arte abisu horia egongo da indarrean. Larunbat arratsaldean atertzerantz joko duela aurreikusten da. 

Eta gero izotza datorkigu. Larunbat gaueko 00:00etatik igande goizeko 10:00etara, abisu horian izango gara "muturreko tenperatura baxuak/izotzagatik. Izotz txikia egingo du barnealdean. Izotz handia egingo du mendi inguruetan eta ekialdeko zenbait lekutan. Gipuzkoako kostaldeko zenbait lekutan izotza egin dezake", dio Euskalmet-ek.

ASTEBURURAKO IRAGARPENA

Abenduak 1, ostirala

"Elurrak bazterrak zurituko ditu. Zaparrada mardulak botako ditu eta prezipitazioa iraunkorra izango da kantauri isurialdean eta litro ugari pilatzea espero da. Gainera ekaitzak ere joko du eta txingorra ere bota lezake. Elur-maila Gipuzkoan 100-300 m inguruan kokatuko da eta Bizkaian 300-400 m-ren bueltan; dena den, puntualki maila baxuagoan ere zurituko du. Araban eta Nafarroako txoko gehienetan prezipitazioa elur moduan izango da. Giro makurra. Iparraldeko haizea ere temati ibiliko da, batez ere goizean".

Abenduak 2, larunbata

"Bide beretik, iluntzerako atertuz. Zaparradak botako ditu nonahi eta ipar partean trumoiak jo eta txingorra botako du goizaldean. Elur-kota 200-400 m inguruan kokatuko da. Arratsaldeak aurrera egin ahala, ekialdetik mendebaldera atertzera egingo du. Haizeak iparraldetik jotzen jarraituko du, zakar haizeguneetan eta tenperaturan aldaketarik ez. Barnealdeko hainbat lekutan izotza egingo du, eta mendi inguruetan handia".

Abenduak 3, igandea

"Igandean eguraldiak hobera egingo du baina hotz galanta egingo du. Hodeitza zertxobait saretuko da, batez ere ekialdean eta bertan tarteka ostarte politak irekiko dira. Hodeitza gutxitzeak goizaldean tenperaturaren jaitsiera eragingo du eta izotza barnealdean ez ezik, Gipuzkoako kostaldean ere egin dezake. Araba ekialdean eta Nafarroan, izotz handia bota dezake. Norabide aldakorreko haize ahula ibiliko da, arratsaldean ekialdekoa nagusituz. Tenperatura maximoak 4-8 ºC artekoak izango dira".

Informazio eguneratua: euskalmet.eus