Azken orduotako elurra arazoak eragiten ari da. Usurbilgo Udaletik berri eman dutenez, une honetan bi mendi bide itxita daude. Batetik, Kaparotz eta Zumitza artekoa eta hilerri berritik Arratzain aldera doana. Kaparotz eta Zumitza baserri arteko bidean lurjausiak izan direlako itxi du udaltzaingoak bide zati hau, "eta udaleko langileek bidea garbitu badute ere, astelehenera arte itxita utziko dute badaezpada ere, berriz gertatzeko arriskua egon badagoelako. Horregatik, hango bizilagunek Iarbetik barrena atera beharko dute", ohartarazi dute Udaletik.
Hilerri berritik Arratzain aldera doan bidea ere itxita dago arriskuagatik, "oso bide labainkorra delako eta arriskutsu dagoelako".
Hirugarren bide bat erabiltzeko zaila egon da goizean zehar; Urdaiagatik Andatzarantz doana hain zuzen, zuhaitzak bidera erori direlako. Bidea jada zabalik dagoela berri eman digu inguruan zebilen herritar batek.
Irudia: Usurbilgo Udala.