12 tonatik gorako ibilgailuek Txokoaldeko zubitik igarotzea debekatua

Noaua Aldizkaria 2017ko abe. 1a, 19:45

Txokoaldeko zubitik ezingo dira igaro aurrerantzean, 12 tona edo gehiagoko ibilgailuak. Zubi honetatik igarotzea debekatua dute gaurtik, Usurbilgo Udaletik ohartarazi dutenez. "Erabaki hori hartu du Udalak, ingenieritza-bulego batek, Udalaren enkarguz, egin berri duen txosten tekniko batean oinarrituz. Azterketa horren arabera, zubiari eusten dioten zutabeak egoera onean daude. Oria ibaiaren korronte edota uholdeek ez diote eragin. Haatik, gaineko zolua kaltetuta dago, eta, segurtasuna bermatu ahal izateko, tona handiko kamioiei pasabidea galarazi zaie. Debeku hori adierazten duen hiru seinale jarri dituzte udaltzainek gaur goizean bertan: bi seinale zubiaren alde bakoitzean, eta, bestea, gasolindegi parean, aldapa hasieran, hain zuzen ere", berri eman dute Udaletik.

Debekuak Berriolari ez dio eragingo, "aitzitik, hondakinak biltzen dituzten kamioiei eragingo die, 12 tona baino gehiagokoak direlako, eta horrek ibilbidea aldatzea ekarriko du". 

Zubiaren egoera aztertzeaz gain, zubia eraberritzeko proiektua ere landu du aipatu ingeniaritza-bulegoak. "Zubia konpontzeko proiektu-zirriborro bat du dagoeneko Udalak", berri eman dute.   

(Artxiboko irudia)