Durangoko Azoka, usurbildar sortzaileen plaza

Noaua Aldizkaria 2017ko abe. 7a, 17:40

Euskal sortzaileen lan berrienak ikusi, erosi, entzun, ukitzeko garaia badator. Gaurtik abenduaren 10era milaka euskaltzale hurbilduko da 52. ediziora heldu den Durangoko Azokara. 200 kultur ekitaldi baino gehiago iragarri dituzte eta 400 nobedade baino gehiago bilduko ditu azokak: 257 liburu, 92 disko, 19 aldizkari, 5 bideo eta bestelako 27 produktu. Tartean, usurbildarren sormen lanak.

Zortzi gune

8 gune izango ditu Durangoko Azokak: Areto Nagusia (gogoetaren plaza), Kabi@ (digitalaren plaza), Saguganbara (txiki eta handien plaza), Plateruena (kontzertu handien plaza), Ahotsenea (sortzaileen plaza), Irudienea (ikus-entzutekoen plaza), Szenatokia (arte eszenikoen plaza), Azoka TB.

Jende mugimendua ibiliko da, tartean bere lan berriak aurkezten hainbat eta hainbat sortzaile. Baita usurbildarrak ere. Etxeko uzta ikusgai eta erosgai izango duzue Durangoko Azokan. Baina honez gain, iragarri diren 200 kultur ekitalditik gorako eskaintzan ere usurbildarrak ikusiko ditugu disko edota liburuak aurkezten. Honatx momentuz, abenduaren 6tik 10era Sormenaren Lurraldera gerturatuko diren herritarrak:

 

Abenduak 6, asteazkena

12:00-13:30 Areto Nagusian: Hasieraren hazia sarrera hitzaldia. “52. Durangoko Azokari hasiera ofiziala emateko ekitaldia da honakoa. Yolanda Arrieta idazleak eta L’Atelier dantza eskolak elkarlanean Hasieraren hazia lana eskainiko du. Gonbitez eta aurrez baieztapena emanda bakarrik parte hartu daiteke, aforo mugatua dagoelako”.

 

Abenduak 7, osteguna

16:20-16:50 Ahotsenea Zuzenekoak eremuan: Erokomeri. “Hiru urte Euskal herriko hainbat herritako festa eta txoko dantza jartzen ibili ostean gure lehen diskoa grabatzeko jauzia eman dugu. Garate estudioak-en grabatu dugu Martxel Arkarazorekin urriko lehen bi asteetan. 10 kantuz osatutako diskoa dakarkigu, horietako bi instrumentalak direlarik: intro-a eta fandango arin-arina”. Abesti gehienetan trikitia izango du oinarri eta kantuak ska-rock eta pop izaerakoak izango dira”.

 

Abenduak 8, ostirala

11:30-11:55 Ahotsenea Solasaldiak: Joseba Tapia eta Besamotzak. Joseba Tapiaren bakarkako lanetako 12 abesti bildu eta berriro grabatu egin ditu, oraingoan hirukote formatuan eta kitarra elektrikoa jotzen duelarik.

16:30-17:00 Areto Nagusian: Jakoba Errekondoren 2018ko Ilargiaren Egutegia (Argia). “Ilargiaren Egutegiak nekazaritza ekologikoan eta biodinamikoan egin behar diren lanen laburpen bat jasotzen du. Hilabeteka lanen 12 adibide jartzen dira. Ilgora eta ilbehera. Hilabete bakoitza Pello Zabalak aukeratutako esaerek osatzen dute. Tenporen informazioa ere jasotzen da”.

 

Abenduak 9, larunbata

17:40-18:10 Ahotsenea Zuzenekoak: Euskal Herriko Trikitixa Elkartea, 'Haziak'. “Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen eskutik, trikitixako maketa lehiaketako 8 talde irabazleen (tartean Ttipika taldekoen) 10 abestiz osaturiko diskoa da. Zuzeneko emanaldian bi taldek hartuko dute parte”.

18:00-18:25 Ahotsenea Solasaldiak: Jakoba Errekondo & Antton Olariaga Landareak lantzen (Argia). “Komikia. Era erraz eta ulergarri batean eskainita landareak nola baliatzen hasi eta ikasteko gida. Bertan arlo desberdinak landuko dituzte: baratzea, lorategia, fruitu arbolak eta basoa”.

 

Abenduak 10, igandea

19:40-20:10 Ahotsenea Zuzenekoak: Odolaren Mintzoa, Etsipenaren aurka (auto-ekoizpena). “Bederatzi abesti zuzen bezain sakonez osaturiko lan berria aurkeztuko dute. Bertan, dotoreziaz nahasten dira pop-rockaren melodia gazi-gozoak, gaurkotasunez bustitako hitz gordinak, hardcore eta metalaren zutabeak dituzten oinarri musikal sendoekin”.