Gaur eguerdian zabaldu du albistea Udalak: "Ugartondoko eremuan eraikiko diren 46 etxebizitza tasatu eta babes ofizialeko 46 etxebizitza, bere garaje eta trastelekuekin, esleitzeko zozenketan parte hartuko duten behin betiko zerrendak onartu ditu Udalak. Hala, etxebizitza horien zozketa urtarrilaren 25ean, ostegunez, egingo da".
Zozketan parte hartzeko onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendei ipinitako erreklamazioei erantzun die Udalak, bai eta onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendak onartu ere. Gauzak horrela, etxebizitza horiek zozketatzeko eguna ere ezarrita geratu da: 2018ko urtarrilaren 25ean osteguna egingo da zozketa, arratsaldeko 18:00etan, Oiardo Udal kiroldegian, ekitaldi publikoan.
92 etxebizitza eraikiko dira
46 babes ofizialekoak izango dira, eta beste 46ak, tasatuak. Babes ofizialeko etxebizitzetan bi logelako 20 etxebizitza (horietako bi ezinduentzat egokituak) eraikiko dira, eta hiru logelako 26 etxebizitza. Tasatutakoetan ere, beste horrenbeste.
Bai babes ofizialeko etxebizitzetan bai tasatuetan, batzuk gizarte-sektore batzuei zuzenduta egongo dira, hala: bi etxebizitza ezinduentzat gordeko dira; 70 urte edo gehiago dituztenentzat 4 etxe; babes bereziko gizarte-sektoreentzat 5 etxebizitza (euren kargura adingabekoak dituzten guraso bakarreko bizikidetza unitateak, indarkeria matxistaren biktimak, banaduak, dibortziatuak eta alargunak, eta ezintasun psikikoa dutenak); 35 urte beherakoentzat 10 etxebizitza.
Guztira, 157 eskaera
Eskatzaileak aipatutako kupo batean soilik eman zezakeen izena. Babes ofizialeko etxebizitza bat erosteko nahia 110 usurbildarrek azaldu dute, eta eskaera horietatik 89 izan dira onartuak. "Hala, 59 gazte daude 35 urteko beherakoentzat gorde diren (10 guztira) etxebitzen zerrendan, 8 lagun daude babes bereziko gizarte-sektoreentzat zuzendu diren etxebizitzen zerrendan (5 guztira), eta gainerako 22ak kupo orokorrekoak dira. Edozein kasu, kupo horiei dagozkien etxebizitzarik tokatuko ez balitzaioke, zerrenda orokorreko zozketan beste aukera bat izango luke", udal iturriek aditzera eman dutenez.
Bestetik, etxebizitza tasatuetararako 47 lagunek egin dute eskaera, eta horietatik erdiak pasatxo onartu dira, 28 guztira. Gazteentzat gorde diren etxebizitzen zozketan 15k parte hartuko dute (10 gorde dira guztira), babes bereziko gizarte-sektoreen zozketarako bi lagunek (5 gorde ziren), eta zerrenda orokorrekoak, aldiz, 11 dira.