Bilboko Grabatuaren Nazioarteko FIG Jaialdian egon zen azaroan. Hara eraman zuen obra da orain Sutegin ikusgai eta salgai ipini duena. Azken bi urteotan, bere estudioan egin duen lanaren emaitza. “Orain arte, erakutsi gabea”, Usoak NOAUA!ri aitortu dioenez. Zazpi urte pasa dira bere azken erakusketa egin zuenetik. Geroztik ez dugu Usoa Zumetaren lanaz gozatzeko aukerarik izan Usurbilen.
Egileekin adostutako lanak
Usoa Zumetaren estanpazioak margolari ezberdinen koadroetan oinarritzen dira. Honakoan, Jose Luis Zumeta, Dora Salazar, Koldobika Jauregi, Nestor Basterretxea, Ainize Txopitea, Edu Lopez eta Carmelo Ortiz de Elgearen margoekin osatutako lan grafikoak topatuko ditugu. Usurbilgo artista grafikoak adierazi digunez, “egiten ditudan lanak aurrez egileekin adostutakoak dira. Iradokizunak egiten dizkiet baina azken hitza margolariena da beti”. Beraz, elkarlanaren emaitza dira Usoa Zumetak egiten dituen estanpazioak. Sutegin erakutsiko duen bilduma duela bi aste Bilboko Euskalduna jauregian FIG jaialdiaren baitan erakutsi zuen berbera da.
Obra osoa, salgai
Egunotan Sutegira hurbiltzen den bisitariak 22 artelan topatuko ditu aurrez aurre. Formatu ezberdineko piezak. Usoaren aitarenak izango dira handienak. Txikiak zein handiak, den denak, erosteko moduan Sutegin ipiniak. Prezioak, 120 eta 700 euroren artean.
Abenduaren 17ra arte zabalik
Aste egunetan (abenduak 6 eta 8 barne): 17:00-20:00.
Asteburuetan: 11:30-14:00/ 17:00-20:00.