Eguneko arreta zerbitzua jarri dute martxan Artzabalen

Noaua Aldizkaria 2017ko abe. 7a, 20:38

65 urtetik gora izan eta mendekotasun maila txikia duten herritarrei zuzendua egongo den Eguneko Arreta Zerbitzu berria abenduan martxan jarri asmo du Usurbilgo Udalak, ohar bidez berri eman duenez. Egunotan erabiltzaile izan daitezkeen herritarrei gutuna helarazi zaie, zerbitzu honekiko interesa izanez gero Gizarte Zerbitzuetara joan edo bertara deitzera gonbidatuz. “Zerbitzu horren bidez Usurbilgo Udalak kalitatezko bizitza bermatu nahi die pertsona nagusiei, eta mendekotasun arina duten adinekoei euren autonomiari eusten lagundu”, berri eman dute Udaletik. 

Honez gain, “herritar nagusien kalitatezko bizitza, osasuna (fisikoa nahiz psikikoa), familia eta adiskideekin dituzten harremanak mantendu, aisialdiaz gozatu eta era guztietako arazoak prebenitzen laguntzeaz gain, parte-hartzaileen gustoko ekintzak egingo dituzte, hala nola tailerrak, tertuliak, esku-lanak, memoria lantzeko tailerrak eta ariketa fisikoak”. Guztia astelehenetik ostiralera hiru orduz Artzabalen, hezitzaile dinamizatzaile-batekin. Taldea osatu ahal izateko gutxienez 6 kide beharko dira. Prezioak Buruntzaldeko udalen artean adostuko dira. “Eguneko euro bat, bi euro edota 3 euro ordainduko dira, bakoitzaren diru-sarreren arabera. 60 euro kostatuko da hilero, gehienez ere”.

Buruntzaldea mailan Usurbil izango da zerbitzu hau martxan jarriko duen lehen udalerria. Usurbilgo Udalaren eskariz Aztikerrek joan den maiatzetik ekainera 65 urtetik gorako herritarren egoera, beharrak ezagutzeko eginiko ikerketa soziologikoan egindako eskarietako bati erantzungo dio udal zerbitzu berri honek.

Ikerketa hartan hain zuzen, udal zerbitzuei 8,1eko puntuazioa eman arren, “eguneko arreta faltan botatzen dute, eta gehienek zerbitzu hori herrian jartzea ondo edo oso ondo baloratuko lukete, eta askok erabiliko zuketela adierazi zuten. Hain zuzen, eskari hori aintzat hartu, eta zerbitzua eskaintzeko asmoa du Udalak”.

 

Informazio gehiago  Gizarte Zerbitzuetan: 

943 377 110.

Kale Nagusia behea 43

Ordutegia: 9:00-14:00