2018rako udal aurrekontuak onartzeko udalbatzaren ezohiko osoko bilkura gaur

Noaua Aldizkaria 2017ko abe. 6a, 07:31

Ohi bezala, eguberriak tarteko, astebete aurreratzea erabaki du Usurbilgo Udalak abenduko osoko bilkura. Astearte honetarako (abenduak 19) iragarri dute, ezohikoa izango den udalbatzaren saioa; arratsaldeko 18:00etan pleno aretoan. Udalak helarazi eta udal ordezkariek ahotan hartuko dituzten gaiak nagusiki 2018. urteari begirakoak izango dira. Urte berrirako udal aurrekontu, udal lanpostuen zerrenda eta zerga ordenantzei buruzko erabakiak bozkatuko dituzte:

1.- Aurreko bilkurako aktaren onespena: *2017/10/31ko bilkurako akta.

2.- Alkatetzako dekretu hauen berri ematea: azaroaren 20tik abenduaren 7ra (2017/1159-2017/1251).

3.-Adineko pertsonentzako Usurbilgo eguneko zentroaren erabilera eta kudeaketa zerbitzuaren kontratua. Eskaintza onenaren izendapena.

4.- 2018ko Zerga Ordenantzak: akats zuzenketa.

5.- 2018ko Aurrekontu Proiektua hasieraz onartzea.

6.- 2018ko Lanpostuen Zerrenda eta Plantilla Organikoa hasieraz onartzea.

7.- Galdera-eskaerak.

Udal gobernu programan oinarriturikoak

Legealdi hasieran herritarrekin osaturiko gobernu programan oinarrituko ditu udal gobernu taldeak urte berrirako aurrekontuak. Herri jasangarria lortu, herri nortasuna indartu eta ongizatea, horiexek ardatz nagusiak. "Edozein kasu, dena ez dago itxita, eta badugu tarterik zure iritzi, ekarpen edota proposamenetarako", ohartarazi dute. 

11.311.000 euro ditu udalerri honek, zertan zenbat xahutu erabakitzeko. Zenbait proiektu estrategikoetara bideratuko du kopuru horretatik zati garrantzitsu bat. Adibidez, "Zumarte musika eskola berrituko du; Kiroldegiko instalazioak berritzeko eta espazio arazoak gutxitzeko, igerileku txikia irisgarri bihurtzeko eta handitzeko lanak egingo ditu; mugikortasun jasangarriaren norabidean, hainbat egitasmo bultzatuko ditu; Usurbil 0.0 plana martxan jarriko du; hilerri zaharra erabat hustu eta behin-betiko itxiko du; agitera publikoa kontsumo baxuagoko LED argiekin ordezkatzen jarraituko du...", iragarri dute udal gobernu taldetik.

Honez gain, Artzabalgo plaza konponduko dutela iragarri dute, "hainbeste urtez katramilatuta" egon ostean. Eta 750.000 euro inguru banatuko dituzte diru-laguntzetan. Udal diru-laguntza politikari eusteko beharra nabarmentzen du udal gobernu taldeak, "izan ere, udal gobernu honen iritziz, herriko taldeek egiten duten lanari esker dugu herri bizia eta dinamikoa, solidarioa, euskalduna, parekidea, eramangarria, abegikorra, eta hori horrela izaten jarrai dezan, gure ekarpen ekonomikoa egiten jarraituko dugu. 750.000 euro ingurukoa izango da laguntza hori. Auzolana eta elkarlana gisako baloreak, galdu ezinezkotzat ditugu".

 

Udal aurrekontuak onartzeko prozesua

-Azaroak 14: Usurbilgo Udaleko Ogasun Batzordean udal aurrekontuen zirriborroa aurkeztu eta aurrekontuok onartzeko egutegia adostu zuten. Udal taldeek ekarpenak egiteko epea zabaldu zuten.

-Azaroak 20-24: udal aurrekontuen zirriborroa aurkeztu eta herritarren ekarpenak jasotzeko bilera erronda egin zuten auzoka.

-Azaroak 22: udal taldeen ekarpenak Ogasun Batzordean jaso zituzten.

-Abenduak 19: udalbatzarraren ezohiko osoko bilkuran onartu asmo dituzte 2018ko udal aurrekontuok.

Udal aurrekontuak zenbakitan

Herri jasangarria:

Guztira: 2.600.000 euro (aurrekontu osoaren %23,28).

Partidak: hirigintza (%2,69), ingurumena (%8,59), zerbitzuak eta obrak (%12).

Herri nortasuna indartzea:

Guztira: 1.200.000 euro (aurrekontu osoaren %10,33).

Partidak: ia 200.000 euro euskararen normalizaziora (%1,79), 363.000 euro kulturara (%3,21). Euskarara eta kulturara orotara, aurrekontu osoaren %5a. 526.000 euro hezkuntzara (%4,65).

Ongizatea:

Guztira: 2.470.000 euro (aurrekontu osoaren %21,85). 

Udal baliabideak:

Guztira: 4.900.000 euro (aurrekontu osoaren %43,33).