Alerta laranja aktibatuko dute igandean haizeagatik

Noaua Aldizkaria 2017ko abe. 9a, 11:31

Adi haizearekin, bereziki igande gau eta astelehen goizaldean, orduko 100-120 kilometrotik gorako abiadura duten haize-boladak espero baitira inguruotan. "Ana" izena jarri dioten depresio sakonak eragindako haize boladak izango dira. Aurreikuspenokin, alerta laranja aktibatuko du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, igande iluntzeko 21:00etatik astelehen goizaldeko 03:00ak arte.

Lehenago, igande eguerdiko 12:00etan abisu horia jarriko dute indarrean haizeguneetan, eta 18:00etatik aurrera haizeguneak ez diren tokietan, orduko 80-100 kilometro orduko abiadurako haize boladak espero direlakoan. Abisu horiak astelehenean zehar aktibatuta segiko du. Honatx xehetasunak:

ABISU ETA ALERTAK

Abenduak 10, igandea

12:00-21:00 Abisu horia haizeguneetan. Orduko 100 kilometrotik gorako hego-mendebaldeko haize boladak, bereziki mendebaldean.

18:00-21:00 Abisu horia haizeguneak ez diren lekuetan. Orduko 80 kilometrotik gorako hego-mendebaldeko haize boladak, bereziki mendebaldean.

21:00-00:00 Alerta laranja. Orduko 120 kilometrotik gorako hego-mendebaldeko haize boladak, bereziki mendebaldean. Orduko 100 kilometrotik gorakoak haizeguneak ez diren tokietan.

Abenduak 11, astelehena

00:00-03:00 Alerta laranja. Orduko 120 kilometrotik gorako hego-mendebaldeko haize boladak haizeguneetan, orduko 100 kilometrotik gorakoak haizeguneak ez diren tokietan.

03:00-09:00 Abisu horia haizeguneak ez diren tokietan. Orduko 80 kilometrotik gorako mendebal-osagaiko haize boladak.

03:00-00:00 Abisu horia haizeguneetan, orduko 100 kilometrotik gorako mendebal-osagaiko haize boladak egunean zehar, gauean ipar-mendebaldekoak.

EGUNOTARAKO IRAGARPENA

Abenduak 9, larunbata

"Euriarekin jarraituko dugu gaur, baina goizean euri arina izango da eta ipar partera mugatuko dira; arratsaldean euria orokorragoa eta ugariagoa izango da. Elur-mailak gora egingo du; lehen orduetan 800-1000 m inguruan egongo da baina ondoren bizkor igo eta arratsalde-gau partean 1500 metrotik gora egongo da. Haizea aldakor ibiliko da hasieran; ondoren hego-mendebaldetik finkatuko da eta arratsaldean indartu egingo da; gauean ufada gogor batzuk neurtuko dira. Tenperatura maximoak 7-12 ºC artekoak izango dira".

Abenduak 10, igandea

"Igande hasieran zerua hodeitsu agertuko da baina goizean prezipitazioa oso urria izango da. Gainerako orduetan zeru estaliarekin jarraituko dugu eta euri gehiago eta sarriago egingo du. Hego-mendebaldeko haizea izango da protagonista; oso indartsu ibiliko da eta bolada gogorrak espero dira, haizeguneak ez diren tokietan ere bai, bereziki egunaren amaieran eta mendebaldean. Tenperaturak nabarmen egingo du gora eta kantauri isurialdean termometroak 15 ºC-tik gora ibiliko dira".

Abenduak 11, astelehena

"Astelehenean negu itxurako giroa espero dugu. Orduak igaro ahala tenperaturak behera egingo du eta, horrekin batera, baita elur-mailak ere; azken orduetan 700 m-ra jaitsiko da. Euri ugari egingo du; egunaren lehen zatian, fronte bat igarotzearekin batera prezipitazioa edonon espero dugu. Egunaren bigarren partean, aldiz, ipar isurialdean botako ditu gehienbat zaparradak, eta zenbait momentutan trumoi-ekaitzak izan eta txingorra ere bota lezake, kostaldean batez ere. Goizean mendebaldeko haize indartsua ibiliko da, eta arratsaldetik aurrera ipar-mendebaldekoa izango da. Barnealdean ere sumatuko da haizea, nahiz eta zertxobait ahulagoa izango den. Tenperatura 15 ºC-tik behera geratuko da eta altuenak goizaldean neurtuko dira".

Informazio eguneratua: euskalmet.eus