Azken haizeteek kalteak eragin dituzte

Noaua Aldizkaria 2017ko abe. 11a, 10:10

Azken orduotako haize denboralearen ordu zailenak igaro dira. Alerta laranjan izan gara bart, orduko 100-120 kilometrotik gorako haize boladengatik. Alerta laranja goizaldeko 03:00etan desaktibatu dute, eta ordutik abisu horia dugu indarrean haizeguneetan soilik. Egoera berean segiko dugu gauerdira arte. "Mendebal-osagaiko haize boladek 100 km/h-ko abiadura gaindituko dute haizeguneetan; gauean haizea ipar-mendebaldetik finkatuko da eta kostaldean haize-boladak 90-100 km/h ingurukoak izango dira", hala dio Euskalmet euskal meteorologia agentziaren iragarpenak.

Azken orduotako haize boladek begi bistako ondorioak utzi dituzte Usurbilen. N-634 errepidean nahiz herrian, hainbat txokoetan ohikoak dira zuhaitz adarrak eta hostoak lurrean sakabanatuak ikustea. Haizeak kalteak ere eragin ditu. Frontoian, Etxebeste kalera ematen duen ezker hormako atzealdeko babes lanak egiten dituen estalkia hautsi du.

Igande goizean bestalde, Kalezarko sarreran, Haur Eskola eta Puntapax Eguneko Zentroaren eta Sokorroko Amaren ermitaren artean dagoen santutxo edo "ospitaltxikiko" teilatuaren zati bat behera jausi zen. Ingurua hesitua dute. "Usurbilgo ondarea ezagutzen" argitalpenera jo dugu Santutxoaz zerbait gehiago jakin nahian. Honela dio: "oinplanu laukizunena du, eta aurrealdeko ertzetan zutitutako bi pilarek eta atzealdeko harrizko hormak eusten dute bi isurkiko estalkia. Ataripeak harrizko horma baxua du buelta osoan, eta burdinazko atetxoa erdian, sarbide moduan. Deboziozko gune, kalbarioko azken gurutzea dago barnean, T formako gurutzeak albo banatan dituela. Gurutzearen erdian Jesukristoren irudia ageri da, eta eskailerak eta iltzeak ateratzeko hainbat tresna besoetan. Kalezartarrek ermita ospital esanda ezagutzen badute, santutxoa Ospitaltxikia da. Garai batean, makina bat bidaiarik hartzen zuen bertan aterpe, batik bat ijitoek.

Hala ere, Santutxoko gurutzeak auzo bereko beste paraje batean omen zeuden aspaldi batean. Ibarrolaundi baserriaren atzealdeko muino baten gaina omen da gurutze horien jatorrizko lekua; eta, oraindik, hala ezagutzen dute bertakoek gain hura, bertan gurutzerik egon ez arren: Gurutzesantua. Esan digutenez, gainera, Kalezarretik abiatuta, bertaraino iristen zen orduko bide-gurutzea. Antza denez, Elizaldek garrantzia hartu zuenean jaitsi zituzten gaur ezagutzen ditugun lekura".

DATOZEN EGUNOTARAKO IRAGARPENA

Abenduak 11, astelehena

"Frontea pasa ondoren euriak lasaialdi bat emango digu goizean eta eguerdi partean. Arratsaldean, ordea, berriro joko du euritara eta zaparradak sarri botako ditu kantauri isurialdean; gainera, baliteke trumoiak jo eta txingorra botatzea. Elur-kota pixkanaka jaitsi egingo da eta gauean 600-700 m inguruan egongo da. Mendebaldeko haizeak zakar joko du kostaldean egun osoan eta egun amaieran ipar-mendebaldera egingo du. Barnealdean haizeak indar gutxiago izango du. Tenperatura ere jaitsi egingo da eta eguneko balio baxuenak gauean neurtuko dira, azken orduetan".

Abenduak 12, asteartea

"Egunaren lehen partean 1000 m-tik behera egongo da elur-maila, goizaldean 600-700 m inguruan. Zaparradak kantauri isurialdean botako ditu batez ere, eta gainerako tokietan ezer gutxi egingo du. Arratsaldean elur-kota oso bizkor igoko da eta atertu egingo du. Mendebaldeko haizea bizi ibiliko da kostaldean, baina gainerako tokietan suabeago. Egun amaieran haizeak hego-mendebaldera egingo du eta indarra galduko du. Giro hotza izango da, oro har 10 ºC-tik beherako hozberoa espero dugu. Araba eta Nafarroako zenbait lekutan izotza egingo du".

Abenduak 13, asteazkena

"Asteazkenean eguerditik aurrera berriro espero dugu euria eta bereziki ipar isurialdean egingo du. Gainerako orduetan tanta batzuk bota ditzake, baina besterik ez, oro har ateri egongo da eta hegoaldean ostarteak ere irekiko dira. Hego-mendebaldeko haizea ibiliko da, kostaldean zertxobait indartsuago. Epeldu egingo du, baina hala ere goizaldean izotza egin dezake Araba eta Nafarroako zenbait lekutan".

Informazio eguneratua: euskalmet.eus