Inauteri Festarako mozorroen hautaketa zuen esku

Noaua Aldizkaria 2017ko abe. 12a, 10:10

Urruti ikusten badugu ere, urte berriarekin batera segituan helduko zaizkigu inauteriak. Usurbilen, otsailaren 10ean larunbatez ospatuko dugu mozorroen jai egun handia. Gaia hautatzekotan gara, zuen laguntza eskertuko genuke.

Zertaz mozorrotu nahi zenukete datorren Inauteri Festan? Eragin buruari eta ziur gai bat baino gehiago proposatzeko gogoa sortuko zaizuela. Zuen ekarpenak egiteko bi bide dituzue. Emailez helarazi ditzakezue elkartea@noaua.eus helbidera. Edo bestela, Bordatxo, Txirristra, Benta, Txiriboga, Txapeldun, Guria, Artzabal eta Aitzaga tabernetan jarritako zerrendetan idatzi zuen proposamena. Abenduaren 18ra arteko epea duzue.

Jasotako proposamenen artean hautatutako gaia, datorren astean bertan plazaratuko dugu web orri eta sare sozialen bidez. Baita abenduaren 22ko NOAUA! aldizkarian.

Aurreko edizioetan...

Iaz, gogoan izango duzue, ingurumena izan zen Inauteri Festarako hautatutako gaia. Azken hamarkada pasatxoan ospatu diren Inauteri Festetarako aukeraturiko gaien zerrenda doakizue segidan, 2018ko edizioan mozorroak errepikatzea saiheste aldera:

2018/2/10: ???.

2017: Ingurumena.

2016: lanbideak.

2015: ipuinak.

2014: Erdi Aroa.

2013: Musika.

2012: Mitologia.

2011: Itsasoa.

2010: Zirkoa.

2009: Olinpiar Jokoak.

2008: Xomorroak.

2007: Brasil.

2006: Marrazki bizidunak.

2005: Usurbil, Oesteko herri.

2004: Hollywood.

2003: Munduko kulturak.

2002: Extralurtarrak.

Girotzen hasteko, ekar dezagun gogora aurreko Inauteri Festa. Oroitzen duzue? 2017ko Inauteriak iruditan