Berdintasuna Erein saioa 18:00etan Potxoenean

Noaua Aldizkaria 2017ko abe. 13a, 06:45

Usurbilen berdintasunaren gaia eremu ezberdinetan nola ikusten dugun adierazi, iritzia eman, zalantzak argitu eta ekarpenak egiteko aukera izango da, Usurbilgo Udaleko Parekidetasun Sailak abenduaren 13rako (asteazkena) 18:00etan Potxoenean antolatu duen “Berdintasuna Erein” saioan. Herritar nahiz eragileei zuzenduriko bilera irekia izango da. Deitzaileek nabarmentzen dutenez, Udalak onartua duen Berdintasun Planak aurreikusitakoa betetzera doaz; berdintasunaz iritzi, ekarpen trukaketarako herritar eta eragileen gune bat sortzera alegia. Deialdi honetan parte hartzeko gutun hau plazaratu du Parekidetasun Sailak: 

Kaixo, lagun:

Badira hilabete batzuk 2017-2020 epealdirako Usurbilgo Gizon eta Emakumeen Berdintasunerako II. Plana abian jarri genuenetik, eta, udal gobernuaren ustez, garrantzitsua da orain arte egin dugun bidearen gaineko balantzea egitea, baita aurrera begirako lehentasunak eta zereginak zehaztea ere. Auto-txekeo ariketa bat egitea, azken batean. Ariketa kolektibo bat.

Orain arteko bidea elkarrekin egin dugu, eta hemendik aurrerakoa ere hala egin nahiko genuke. Izan ere, ezinbestekoa da Udalaren eta herri eragileen arteko elkarlana, izan talde feminista izan gaiarekiko sentsibilizatuta dauden herritarren artekoa, eta horretan sakondu nahi dugu, herrian berdintasunaren alde eragiten jarraitzeko. Horretarako, mahai bat eratzea ezinbestekoa da. Hain zuzen, horixe bera aurreikusten du II. Planak. Mahai edo gune horri Berdintasuna erein izena jarri diogu.

Estreinako bilera hori abenduaren 13an egin nahi dugu, 18:00etan, Potxoenean. Lehen bilera horretan gune horren egitekoaz, helburuaz, zereginaz, funtzionamenduaz eta halako aspektu teknikoez aritzeaz gainera, II. Planaren gaineko balantzea ere egingo dugu. Esan beharrik ez dago ez dela gune itxia, eta guztiok dugu horretan parte hartzeko aukera, edozein delarik ere taldearen izaera edota norbanako gisa.

Beraz, egun horretan elkar ikusiko garelakoan, 

Erein dezagun hazia, inoiz benetako berdintasuna lora dadin.

Josune Estella

Parekidetasunerako zinegotzia