Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak ondoko kartela zabaltzen laguntzeko deia egin du sare sozialen bidez. "Lagundu kartel hau zabaltzen Gipuzkoa osoan. Nola? Inprimatuz eta pegatuz kalean, portalean, ikastetxeetan, udaletxeetan, tabernetan", adierazi dute.
Kartelaren behekaldeari erreparatzen badiozue, qr kode bat ageri dela ohartuko zarete. Kode horren bidez, abian den sinadura bilketan parte har dezakezue. Sinadura bilketa honekin, erraustegiaren ondorioen gaineko eztabaida tekniko eta publiko bat egitea eskatu nahi da.
Sarean, change.org atarian asteak daramatzate kanpaina berarekin. Asteazken goiz honetarako ia 4.500 sinadura bilduak zituzten jada. Ipar Haizea taldeak erregistratu zuen eskari hau change.org atarian. Zubietan eraikitzen ari diren erraustegiaren aldeko eta kontrako jarrerak bildu eta kontrastatuko dituen eztabaida publiko eta teknikoa ematea eskatzen diote Euskal Irrati Telebistari (EITB).
“Erraustegiaren proiektu berriaren aurrean eta politikari bultzatzaileek proiektu garesti eta herritarren kezka handiaren aurrean erakutsi duten egoera kudeatzeko borondate eza ikusita, Zubietako erraustegiaren eraginen inguruko adituen arteko eztabaida publikoa eskatzen dugu, bi aldeak egongo direna: erraustegiaren aldekoa eta aurkakoa. Bi jarrerak kontrastatuko diren eztabaida publikoa eskatzen dugu. Eztabaida hori telebistan izatea nahi dugu”, diote.
Erraustegiaren Aurkako Mugimendutik sinadura bilketan parte hartzera deitzen dute.