"Patronalaren inpunitatea salatu dugu", hala adierazi dute LAB sindikatuko ordezkariek asteazken honetan Donostiako Anoeta futbol zelai parean egin duten agerraldian. Eraikuntzaren sektorean lan baldintza duinak izatea aldarrikatu dute, sektoreko lan hitzarmena berritzeko beharra nabarmentzearekin batera.
Hala adierazi dute, Anoeta futbol zelai atarian egin duten agerraldian. Leku horixe hautatu du LAB-ek, futbol zelai bertako eta Zubieta gainean, erraustegia eraikitzeko egiten ari diren obrak, Lan Ikuskaritzan salatu dituztela berri emateko. "Salaketa horiek oinarri bera daukate: Gipuzkoako hitzarmena ez da betetzen. Gipuzkoako eraikuntza sektorea inpunitate-gune bihurtu da enpresarientzat, non hainbat eta hainbat azpikontratazioen bidez, hitzarmen kolektiboa behin eta berriz ez den aplikatzen. Hau ez da kasualitatez gertatzen, administrazioen utzikeriak eraginda baizik", salatu du LAB sindikatuak.
Sindikatuak berak egiaztatu ahal izan duenez, "Administrazioaren menpe dauden aipatu herri-lanetan hainbat irregulartasun gertatzen ari dira, adibidez, Gipuzkoako eraikuntza hitzarmenak agintzen duenaren azpitik ordaintzen direla soldatak, edo bestela, eraikuntza hitzarmenak baimentzen dituen lanaldiak baino askoz ere handiagoak betetzen ari direla". Horren adibide dira salatu dituzten bi herri lanak; Anoeta futbol zelaikoak eta Zubieta gaineko erraustegikoak.
Gogorarazten dutenez, eraikuntzan ematen den esplotazioa "suntsitu daiteke eta suntsitu behar da". Borondate politikoa aski da LAB sindikatuarentzat, langileentzako lan baldintza duinak bermatzeko. Esplotazioarekin amaitzeko LABek alternatibak badituela eta esplotazioa desagerraratzeko akordiorako deia egin du, eraikuntzako hitzarmenaren alde agertzeaz gain. Hain zuzen, langileen eros ahalmena berreskuratuko duen eraikuntza hitzarmena berritzearen aldeko apustua egiten du LAB-ek, "sektorean ematen diren lan baldintzak, gaur egun, 2009. urtean zeudenak baino txarragoak direlako. Obren hazkundeak langileen lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmen berria eskatzen du ere. Enpresarien diruzalekeriarekin amaitu eta aberastasuna banatu behar da. LAB borrokatuko da errealitate berri hori artikula dadin".
Lan baldintzak urratzen dituzten enpresak ez kontratatzeko deia
Eskuartean dituzten proposamenak aurkezteko bilera bana eskatzekoak dira Donostiako Udalari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari. Alderdi politikoekin ere bilera erronda egitekoa da aipatu sindikatua. Akordioko puntuak ere aurkeztu ditu LAB-ek gaurko Anoetako agerraldian:
- Herri lanen esleipenean, obraren kostea lehenetsi beharrean, lanak epean, kalitatez eta lan baldintzak beteko direla bermatuz lehenesteko konpromisoa.
- Kontratazioaren eta azpikontratazioaren kate osoan lan baldintzak betetzeko bermea. Ezarri beharreko gutxieneko baldintza herrialdeko hitzarmena izango da eta azpikontratazio kate osoan eta lan baldintzak betetzen direla egiaztatzeko ardura enpresa esleipendunari eta azpikontrata guztiei dagokie. Kontrol honetarako LABek hainbat neurri zehatzak planteatzen ditu, adibidez, obretan erlojuak jarri lanera sartzerakoan eta lanetik irteterakoan langileak fitxatzeko.
- Lan-baldintzak eta lan osasuneko baldintzak betetzen ez dituzten enpresen erregistroa sortzea. Zuzenean edo zeharka, herri lanetan zein lan pribatuetan baldintza horiek betetzen ez dituen enpresa oro agertuko litzateke aipatu erregistroan, eta ez litzateke kontratatuko inongo herri lanetarako hurrengo lau urtetan. Une berean, baldintzak errespetatzen dituenari edota bere langileekin aritzen denari lehentasuna emango zaio.
Irudia: LAB sindikatua.