Askotan ez bezala gozatu ahal izan dugu gaurkoan, herritar belaunaldien arteko elkarlanaz. Musikak Artzabalgo ekitaldi aretoan batu ditu, Usurbilgo Udala, Zumarte Musika Eskola, Puntapax Eguneko Zentroa eta Udalak abiatu berri duen Eguneko Arreta Zerbitzuko erabiltzaileak. Guztiek, eguberri giroan murgilarazi gaituzten kantu emanaldia ederra eskaini digute.
Saioa abiatu aurretik, Puntapax Eguneko Zentroko nahiz Eguneko Arreta Zerbitzuko erabiltzaileek, eguberri zoriontsuak desio zizkien gabonetako postal banarekin egin diete harrera Zumarte Musika Eskola eta Usurbilgo Udaleko ordezkariei; Agurne Alkorta eta Xabier Arregiri hurrenez hurren.
Esker ona adierazi diete biek bai Eguneko Zentroko eta Eguneko Arreta Zerbitzuko langile eta erabiltzaileei. "Alkate baten eginkizunetan izaten dira eginkizun ez hain samurrak, baina urtero egiten dugun ekitaldi hau azpimarratua dudan ekitaldia da. Gusto handiz etortzen naiz zuengana. Nahi nuke horrelaxe urte askotan zuekin batera egun hau ospatzeko aukera izatea", adierazi die Usurbilgo alkateak.
Zumarte Musika Eskolako lehendakari Agurne Alkortak bi udal zerbitzuetako erabiltzaileei eskainitako kontzertuarekin esker ona adieraztera zetozela zioen. "Zuek asko eman duzuenez, orain jaso dezazuen. Eta guk ere jaso eta emango dugu", musika ardatz gaurkoan eskaini duten kontzertuan.
Goizeko saioarekin eguberri giroan murgildu gaituzte. Zumarte Musika Eskolako 25 ikasleek eta 7 irakasleek gabon kantei doinua jarri dieten artean, ahotsa Eguneko Zentroko eta Eguneko Arreta Zerbitzuko erabiltzaileek jarri diote kontzertuari. Belaunaldi arteko elkarlan ederraren emaitza izan da gaurko eguberrietako kontzertua. Jada tradizioan bilakatzen ari eta Artzabalgo aretoa ere pixkanaka txiki uzten ari dena. Bistan denez, hazten baitoa adineko herritarren kopurua.
Zumarteren deialdiak
Gaurko emanaldiarekin batera deialdi gehiagotan parte hartzen ikusiko ditugu Zumarte Musika Eskolakoak hurrengo asteotan:
Abenduak 16, larunbata
13:00 Hilerri berriko Errautsen Parkearen inaugurazioa. Zumarteko 5 irakasle eta 4 ikasle bertan arituko dira kantuan.
Abenduak 17, igandea
12:15 Donostiako Eguberri Festan, trikitilari-panderojoleek kalejira egingo dute.
Abenduak 30, larunbata
Zumarte Abesbatzak Errenteriako Gabon Abesti Jaialdi-Sariketan parte hartuko du.