Ur zikinen kudeaketan aurrerapauso berri bat eman da gaur, Usurbilgo Udalak, Añarbe Urak-ek, Urbil merkatalguneak eta Fagor Ederlan lantegiak erdietsi duten akordioari esker. "Aspalditik korapilatua egon den auziari soluziobidea aurkitu diote", berri eman dute Usurbilgo Udaletik.
Urbileko eta Luzuriagako ur zikinen kudeaketa adostu dute. "Akordioaren ondorioz, orain arte Urbilena izan den ur saneamendua Usurbilgo Udalak bereganatuko du, eta publiko bihurtuko du. Ur-saneamendu horren ustiaketaz eta mantenuaz udala arduratuko da aurrerantzean, eta, ondorioz, etorkizunean Asteasuaingo industriagunean gara daitezkeen jarduera ekonomikoei zerbitzua eskaini ahal izango die", zehaztu dute Udaletik.
Urbil eta Luzuriagako ur zikinek tratamendu berezia behar dutela ikusita, Añarbe Urak egokitze lanak egitera konprometitu da, "hondakin-mota bakoitza bereiztuta jaso ahal izateko, eta enpresa bakoitzari dagokion tasa ezarri ahal izateko".
Urbilek bere aldetik, "hain justu, Urbilek ur zikinak isurtzeko dituen lau ubideetako bi (1 eta 2) elkartzeko ubide bat egingo du, eta hondakin urak kontrolatzeko estazioa eraikiko du. Ur-saneamendu hori Zubietako kolektorearekin lotuta dago egun, eta, ondorioz, ur zikin horiek Loiolako araztegian tratatuko ditu Añarbek. Lan horiek 30.000 euro inguruko kostua izango dute, eta lauren artean ordainduko dituzte, zati berdinean. Hau da, bakoitzak 7.500 euro inguru jarriko ditu, obrak egiteko. Lanen proiektua idazteaz eta exekutatzeaz Añarbe arduratuko da".