Etxeko berri, adi NOAUA!ri lotutako deialdiei

Noaua Aldizkaria 2017ko abe. 14a, 10:38

Etxeko berri lerrootan. Abenduaren 22an argitaratuko dugu urteko papereko azken NOAUA!, gabonetako gehigarriarekin eta 2018rako egutegiarekin. Honenbestez, 2017ko azken NOAUA!rako zorion agur edo oharrik baldin baduzue, helarazi erredakzioa@noaua.eus helbidera edo 943 360 321 telefono zenbakira deituta, abenduaren 18a baino lehen. Gero bi astez ez dugu astekaririk izango. 2018ko lehen NOAUA!, urtarrilaren 12an plazaratuko dugu.

Postua San Tomas Azokan

Ate joka dugu igandeko San Tomas Azoka. Herriko ekoizleok ostegun hau duzue, azokako txapelketetarako babarruna eta sagardoa ekartzeko azken eguna. Txapelketako sariketa abenduaren 17an ospatuko dugu. Goiz eta eguerdi partean zehar frontoian izango da zer ikusia, jan edana... Pilotalekuan egongo diren postuen artean, NOAUA!koa aurkituko duzue. Kultur elkarteak argitaraturiko produktuak eskuratzeko aukera izateaz gain, NOAUA! kide egiteko aukera ederra izango duzue. Egin zaitez NOAUA!ko bazkide!

"Fotokola" ere antolatuko dugu. Etorri beraz, euskararen leihoan argazkia ateratzera!

Proposatu Inauteri Festarako gaia

Abenduaren 18ra arteko epea duzue otsailaren 10ean ospatuko dugun Inauteri Festarako gaia proposatzeko. Ekarpenak bideotatik egin ditzakezue: elkartea@noaua.eus helbidera emailez helarazita, edo bestela, Bordatxo, Txirristra, Benta, Txiriboga, Txapeldun, Guria, Artzabal eta Aitzaga tabernetan jarritako zerrendetan. Hauexek izan dira azken hamarkada pasatxoan aukeratuak izan diren gaiak:

2018/2/10: ???.

2017: Ingurumena.

2016: lanbideak.

2015: ipuinak.

2014: Erdi Aroa.

2013: Musika.

2012: Mitologia.

2011: Itsasoa.

2010: Zirkoa.

2009: Olinpiar Jokoak.

2008: Xomorroak.

2007: Brasil.

2006: Marrazki bizidunak.

2005: Usurbil, Oesteko herri.

2004: Hollywood.

2003: Munduko kulturak.

2002: Extralurtarrak.