Udal legealdia baloratzeko aukera, "Udalberri" argitalpen berrian

Noaua Aldizkaria 2017ko abe. 14a, 11:37

2015-2019 legegintzaldia erdibidera heldu den honetan, Usurbilgo Udalak orain arte egindako lana, auzoetako beharren kudeaketa, udalaren jardun komunikatiboa, gobernantza eredua (gestiorako gaitasuna, zintzotasuna, akordioak lortzeko gaitasuna, herritarren arazoekiko hurbiltasuna, herritarren parte hartzearen sustapena, herriko talde eta eragileekin elkarlana) baloratzeko aukera dute usurbildarrek, Udalak kaleratu duen "Udalberri" argitalpen berrian. Legegintzaldiko hiru ekimen garrantzitsuenak, gabeziak, huts egiteak eta iradokizunak egiteko aukera ere eskaintzen du udal inkestak.

“Bi urte pasatu dira legealdia hasi zenetik, eta beharrezkoa ikusi dugu orain arte egindakoaren gaineko balantzea egitea. Guk ez ezik, zeuk ere egitea gustatuko litzaiguke. Izan ere, zuen iritziak, pertzepzioa, jaso nahi ditugu: nola doa zuen irudiko legealdia? Horretarako, galdetegi hau prestatu dugu. Gaizki egindakoak zuzentzeko eta ondo egindakoan sakontzeko, ezinbestekoa zaigu zuen ekarpenak jasotzea”, diote Udaletik.

Etxeetara banatu duten aldizkariaren azken orrialdean duzue inkesta. Hura bete eta udaletxera helarazi dezakezue, bestela komunikazioa@usurbil.eus helbidera idatzi edo usurbil.eus atarian sartu, aldizkaria eskuratu, inkesta bete eta erregistroa@usurbil.eus helbidera emailez helarazi dezakezue. Udal zerbitzuetan ere eskuragarri jarri dute inkesta betetzeko aukera; ondoko argazkia esaterako, Sutegi udal liburutegian ateratakoa da. Liburutegiaz gain, Oiardo Kiroldegian, udaletxean bertan ere eskuragarri jarri dute. 

"Udalberri"

Inkesta aipatu moduan, Udalak "aspaldiko hutsune bat estaltzeko helburuz" kaleratu duen "Udalberri" aldizkari berriak dakar. Udal informazioa jasoko duen lau orriko hilabetekari berria etxez etxe banatuko dute aurrerantzean. "Udal informazioa usurbildarren eskura jartzeko, eta usurbildarrek udalak hartzen dituen erabakien, iragartzen dituen lanpostuen, ekitaldiez edota edozein motako ekimenen berri emateko bokazioz jaio bada ere, udalak ez luke nahi informazioa aldebakarreko norabidekoa izaterik soilik. Komunikazioa bi norabidekoa izan behar duela sinetsita, herritarrak udalera zuzentzeko bitartekoa ere izan nahi du aldizkariak, eta horretarako moduak zeintzuk diren jasotzen ditu argitalpen honek, bai alkatearengana zuzentzeko bai komunikazio-arduradunarengana zuzentzeko", berri eman du Udalak.

2018ko udal aurrekontuak, Errautsen Parkearen inaugurazioa edota Xabier Arregi alkatearen idatzia dakar "Udalberri" argitalpenaren lehen zenbakiak.  "Udalberri"