Ate joka ditugun gabonei kantuan harrera egiteko prestaketa lanak egunotan

Noaua Aldizkaria 2017ko abe. 14a, 12:25

Badatoz gabonak, edo hobekiago esanda, eguberrietan gara aspalditik. Edozein kasutan, inguruotan eguberriei kantuan egin ohi zaie harrera urtero. Aurtengoan ordea zenbait hitzordu aldaketa izango dira. Ikastetxeek oporrak abiatzeko hautatuak dituzten egun ezberdinetan ospatuko dituzte ekitaldiok; abenduaren 21ean Aginagako Eskolak eta Udarregi Ikastolak. Udarregi Ikastolako kalejiren kasuan berrikuntza bat iragarri dute. “Gure ikastolako 50. urteurrenean, ikastolarako moldatutako gabon kanta pare bat gehituko dizkiogu errepertorio klasikoari”. Biharamunean, hilaren 22an, Zubietako Eskolak eta Haur Eskolak ospatu dituzte dagozkien ekitaldiak.

Herri eragileek deitutako hitzorduei dagokienez, Aginagako saioa abenduaren 24tik 23ra, egunbete aurreratuko dute aurtengoan eta segidan Olentzerori ongi etorria egingo diote. Usurbilen, euskal preso eta iheslarien eskubideen alde Mari Domingi eta Olentzerorekin abenduaren 24an arratsalde partean egin ohi duten itzulia eguerdiko poteo ordura aurreratu dute aurtengoan. Adi, entsegu saioa deitu baitute datorren astelehenerako, abenduaren 18rako. Bestalde, Parrokiak antolatu ohi duen kalejira ordu erdi atzeratu dute aurtengoan. Segidan duzue hitzordu guztion berri:

GABON KANTUAK ABESTEKO SAIOAK

Abenduak 18, astelehena

18:00-19:00 Abenduaren 24an Olentzero eta Mari Domingirirekin egingo den herri itzulia prestatzeko entsegua Udarregi Ikastolako Agerialde eraikineko musika gelan.

Deitzailea: Usurbilen Nahi Ditugu.

Abenduak 21, osteguna

Goizean zehar, ikasleen gabon kanten saioa Aginagako Eskolatik abiatuta.

Antolatzailea: Aginagako eskola.

09:30 Udarregi Ikastolako LH eta DBH-koen gabon kantuen saioa. LH-koek Kalezarko eta Kaxkoko buelta egingo dute. DBH-koak Kaxkoko ariko dira kantuan.

11:25 HH-ko haurren gabon kantuen jira, Agerialdetik frontoira.

Antolatzailea: Udarregi Ikastola.

Abenduak 22, ostirala

12:00 Zubietako eskolako kideen gabon kanten saioa Zubietako errebote plazan.

Ondoren, hamaiketakoa eta eskolak LH osoa eskaintzeko aukera eskuratu izana ospatuko dute.

Antolatzailea: Zubietako Eskola.

16:45 Olentzero, Napoleon astoa eta Mari Domingiren etorrera Haur Eskolara. 17:00etan 2-3 urteko haurren geletan harrera. Ondoren, jolastokitik gabon kantak abestuz frontoira. 18:15-18:30 aldera Haur Eskolako haurrentzako askaria frontoian: musikaz giroturiko pintxo eta sagardo dastaketa.

Antolatzailea: Haur Eskola.

Abenduak 23, larunbata

09:00 Gabon kantu jira Aginagako Parrokiatik.

Antolatzailea: Aginagako Katekesi Taldea.

18:00 Olentzerori ongi etorria Aginagako Sekaña parean. Trikitilariekin frontoira. Frontoian, eskutitz bilketa eta gaztain jana.

Antolatzailea: Antxomolantxa Elkartea.

Abenduak 24, igandea

12:00-13:30 Olentzero eta Mari Domingi euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko herri itzulia frontoitik.

Antolatzailea: Usurbilen Nahi Ditugu.

17:30 Gabon kanta jira Parrokia aurretik.

Antolatzailea: Usurbilgo Salbatore Parrokia.

18:00 Olentzeroren etorrera Puntapaxetik. Bukaera Dema plazan.

17:50 Olentzeroa Santuenea Elkartetik.

Antolatzaileak: Santuenea Elkartea eta gurasoak.