Hiriburura patinatzera joan beharrik ez gabon hauetan, Usurbilen bertan izango baitugu izotz pista; Askatasuna plazako estalpean hain zuzen. Eguberriotako berrikuntza nagusia izango dugu, dezenteko zirrara sortuko du ziur baten baino gehiagoren artean. Hurbilago Usurbilgo Ostalari eta Merkatarien Elkarteak antolaturiko gunea zabalik izango da abenduaren 22tik urtarrilaren 7ra ordutegi honetan: 11:00-13:00/17:00-20:00. Izotz pistarako sarrerak aurrez merkeago eskuratu ahalko dituzue Hurbilagoko saltokietan, 1,5 eurotan hain zuzen. Bestela, izotz pistan bertan 3,5 euroren truke.
San Silvestrerako izen ematea
Izotz pista Hurbilago Elkartekoek eguberriotara dakarkiguten berrikuntza nagusia izango da. Hitzordu klasiko bat prestatu dute; 2017a ere korrika agurtuko baitugu jada zortzigarren ediziora heldu den Hurbilago San Silvestre lasterketari esker. Izena ohi bezala, aurrez eman ahalko duzue hurbilago.com atarian edo elkarte bereko establezimenduetan. Hitzordua betikoa; jai giroan ospatuko den lasterketa, abenduaren 31n 17:00etan frontoitik.
Usurbilen erosteagatik, opariak eguberriotan
Urtero moduan, Usurbilen erosketak egitea saritu nahi du Hurbilago Elkarteak opari ederrekin. Datozen asteotan, elkarteko kide diren establezimenduetan erosketak egitearen truke, txartelak eskuratu ahalko dituzue. Saltokietako kaxetan sartu eta abenduaren 31ra arte itxaron. 8. Hurbilago San Silvestre Herri Lasterketaren amaieran, frontoian, 50 euroko 25 bale eta Saizar Sagardotegian dastatzeko 2 lagunentzako 4 afari zozketatuko dituzte.